OINARRIZKO ALDAKETA
Oinarrizko aldaketa, Jesusek proposatzen diguna, argia da. Egoistak izateari uztea, gainerako jendea norberaren probetxuaren arabera hartzeari uztea alegia, bizitza anai-arreba artekoago eta solidarioagoari ekiteko. Horregatik, legeko agindu guztiak leial betetzen dituen, baina bere aberastasunei itsuki atxikirik bizi den gizon aberatsari, Jesusen ikasle izateko, funtsezkoa den zerbait falta zaio: duena premian direnekin partekatzea.
Bada Jesusen ebanjelioan zerbait oso argia dena. Bizitza ez digu eman Jainkoak dirua egiteko, arrakasta izateko edo ongizate pertsonala lortzeko, baizik eta bata bestearen anaia edo arreba bihurtzeko. Jainkoaren egitasmoa Jesusek ikusten duen bezain garden ikusi ahal bageneza eta begirada bakar batez ulertu bizitzaren hondoaren hondoa, konturatuko ginateke ezen inporta duen gauza bakarra haurridetasuna, hots, anai-arreba artekotasuna sortzea dela. Anai-arreba arteko maitasuna, geurea duguna premian direnekin partekatzera garamatzana da, «indar bakarra hazten joateko», gizadiari bere salbamenerantz deliberatuki aurrera egitera eragiten dion gauza bakarra.
Gizakirik lortuena ez da, batzuetan uste izaten denaren aurka, dirurik gehiena metatzea lortu duen hura, baizik eta erarik hoberenean eta senitartekoenean bizikide izatea lortu duen hura. Horregatik, norbait haurridetasunari pixkana-pixkana uko egin eta bere aberastasunean eta probetxuan hesitzen denean, maitasunaren problema konpondu gabe, gizaki bezala porrot eginez bukatu du.
Jokabide erlijiosoari dagozkion arauak leial betez bizi bada ere, ebanjelioarekin topo egitean konturatuko da bere bizitzan ez duela benetako pozik, eta urrundu egingo da Jesusen mezutik, «aberatsa zelako triste alde egin zuen» gizon haren tristura bera lepoan duela.
Sarritan, kristauok eroso ezartzen gatzaizkio geure erlijioari, ebanjelioaren deiari kasurik egin gabe eta geure bizitzan funtsezko aldaketarik egiteko asmorik gabe. Ebanjelioa «urardotu» egin dugu, geure probetxura egokituz. Baina erlijio hori ezin izan da jadanik poz-iturri. Triste uzten gaitu eta zinezko kontsolamendurik gabe.
Ebanjelioa gogoan dugula, egiati egin beharko genuke galdera; ea dirua irabazteko eta gastatzeko gure modua partekatzea zer den dakien batena den ala metatu beste asmorik ez duen batena. Ez badakigu geuretik premian denari ematen, funtsezko zerbait falta zaigu kristau-pozez bizi ahal izateko.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain