ESKER ONEKO BIZITZA
Badira beren bizitza triste eta erreta bizi ohi dutenak. Beraien begiek etsigarri dena bakarrik, ia, ikusten dute beti. Ez dute begirik ikusteko, halaz guztiz, gaizkia baino ugariagoa dela ongia. Ez dakite preziatzen hainbat eta hainbat keinu jator, eder; ezta miresten ere munduan egunero edozein lekutan gertatzen diren gauza onak. Agian, ilun ikusten dute dena, gauzen gain beren iluntasuna bera proiektatzen dutelako.
Beste batzuk jarrera kritikoan bizi dira beti. Beren inguruan duten alde ezkorrari begira bizi ohi dute beren bizitza. Ezer ez dago beraien auzi kritikotik kanpo. Pertsona argi, zoli edo zorrotz eta objektibotzat hartu ohi dute beren burua. Alabaina, ez dute inoiz ere laudatzen, miresten edo eskertzen. Gaitza nabarmentzea eta gaitzestea dute beren egiteko guztia.
Beste batzuek gauza guztiak bost axola zaizkiela ematen dute beren bizia. Soilik berentzat probetxugarri dutenari botatzen dizkiote begiak. Ez dira harritzen doako ezertaz. Ez diote uzten inori maita ditzan, ezta bedeinka ditzan ere. Beren munduan trikua bezala bil-bil eginik, aski izaten dute beren ongizate koxkorra, unetik unera tristeagoa eta egoistagoa, defenditzearekin. Halakoen bihotzetik ez da isurtzen sekula santa esker onik.
Jende asko era monotono eta aspergarrian bizi ohi da. Beren bizitza errepikatze hutsa izaten dute: ordutegi bera, lan bera, lagunarte bera, solasaldi bera. Inoiz ez dute ikusten paisaia berririk beren bizitzan. Ez dute estreinatzen egun berririk. Ez zaie gertatzen inoiz ere gauza desberdinik, beren espiritua eraberrituko dienik. Ez dute asmatzen era berririk pertsonak maitatzeko. Halakoen bihotzak ez daki gorespena zer den.
Bizitza esker onez bizitzeko, beharrezkoa da bizia ontzat hartzea; munduari maitasunez eta adeitasunez begiratzea; ezkortasunez, desengainuz edo axola-gabeziaz beteak diren begiak garbitzea, pertsonengan eta gauzetan on, eder eta miresgarri dena balioesteko. San Paulo esaten ari denean: «Jainkoaren aintza goresteko kreatu gaitu», esaten ari da zein den gure bizitzaren zentzurik eta arrazoirik sakonena. Lukasek dakarren pasadizoan, Jesus harritu egin da lepradun guztietatik bakarra etorri delako «eskerrak emanez» eta «Jainkoa goretsiz». Bakarra izan da sendatu izateaz liluratu dena eta esker ona aitortu duena.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






