BOTERE HIERARKIAREN AURKA
Santiago eta Joan Jesusengana hurbildu dira eskari bitxi bat eginez: beraren ondoan ohore-postuetan jartzea. «Ez dakite zer eskatzen duten». Horixe diotse Jesusek. Ez dute ezer ulertu Jainkoaren erreinuaren eta beronen zuzentasunaren zerbitzura bizitzearen egitasmoaz. Ez dute buruan Jesusi «jarraitzea», baizik eta lehen postuetan «esertzea».
Jarrera hori ikustean, beste hamarrak «haserretu egin dira». Berek ere «handigurazko ametsak» bizi dituzte. Guztiak dabiltza botere, ohore edo osperen baten bila. Eskandaluzkoa da eszena. Nolatan onartzen ahal da Jainko Aita bat dela eta nolatan da posible mundu senidetsuago baten alde lan egitea, espiritu egoista honek arnastua den ikasle-talde batekin?
Argia da Jesusen pentsamendua. «Ez da horrela izan behar». Zehazki, kontrako norabidea hartu behar dute. Erauzi egin nahi du bere ikasleen mugimendu horretatik Tiberioren inperioan eta Antipasen gobernuan guztiek ezagutzen duten boterearen «gaixotasun» hori. «Tiranizatu eta «zapaldu» besterik egiten ez duen boterea da.
Bereen artean ez dute onartu behar horrelako botere-hierarkiarik. Inor ez da inor baino handiago. Ez dago nagusirik, ez jaberik. Parrokia ez da parrokiako erretorearena. Eliza ez da gotzainena eta kardinalena. Herria ez da teologoena. Handi izan nahi duena jar dadila guztien zerbitzari.
Jesus da egiazko eredua. Ez du gobernatzen, ez ezer ezartzen, ez dominatzen, ez kontrolatzen. Ez du amesten inolako botererik. Ez dio leporatzen bere buruari ohorezko titulurik. Ez dabil bere probetxu bila. «Zerbitzatzea» du bere zeregina eta «bizia ematea». Horregatik, lehena da bera eta handiena.
Elizan beren bizitza Jesusen egitasmoaren alde eralgitzeko, eta ez beren probetxurako, prest dauden kristauak behar ditugu. Handinahi pertsonalik gabeko fededunak, era isilean lan egingo dutenak mundu gizatiarrago eta Eliza ebanjeliozkoago baten alde. Jesusen jarraitzaileak, beren zerbitzu-bizitzaren kalitateaz agertuko dira «ohorezko».
Gurasoak, beren seme-alabengatik buru-belarri lehiatzen direnak; hezitzaileak, eguna joan eguna etorri, beren egiteko zailari emanak; gizon eta emakumeak, beren bizitza premian direnen zerbitzu bihurtu dutenak; horra «Handienak» Jesusen begietarako.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain