JAINKOA EZ DA INPARTZIALA
Jesusek parabola honetan bere garaiko Galilean aski ohikoa den egoera islatzen du. Epaile ustel batek, harro, mespretxatu egiten du zuzenbidea egiteko eskatzen dion emakume alargun behartsu bat. Emakumearen egoerak etsigarria dela ematen du, ez du-eta defendatuko duen gizonezkorik. Berak, halere, amore eman gabe garrasika jarraitzen du bere eskubidea eskatuz. Halako batean, hartarainoko lehiaz gogaiturik, emakumeari entzutera jo du epaileak.
Lukasek kontaera hau otoitz egiteko abertimendu gisa aurkeztu du: «aspertu gabe» otoitz egitera; parabolak, ordea, badu aldez aurretik beste mezu bat, Jesusen oso gustukoa. Epaile hau «Jainkoaren antimetafora» da, zeinek bere zuzentasuna, hain justu, behartsurik zaurigarrienei entzutea baitu.
Zuzentasunaren sinboloa mundu greko-erromatarrean emakume bat da, begiak bendaturik, itxuraz «inpartziala» den epaia ematen duena. Jesusen arabera, Jainkoa ez da epaile-mota inpartzial hau bezalakoa. Ez ditu bendatuak begiak. Oso ondo ezagutzen ditu jende ahularen aurka egiten diren zuzengabekeriak, eta bere errukiak halakoen alde makurtzera eragiten dio.
Jende ahularen aldeko Jainkoaren zuzentasunaren «partzialtasun» hau eskandalua da gure belarri burgesentzat; halere, komeni da bera gogora ekartzea, zeren eta gure gizarte moderno honetan beste «partzialtasun» bat, kontrako zeinukoa, baita jaun eta jabe: zuzenbideak gehiago faboratzen du jende boteretsua ahula baino. Nolatan ez da irtengo, bada, Jainkoa defendatu ezin direnen alde?
Aurrerakoi garela uste dugu, teorikoki baieztatuz «gizaki guztiak jaiotzen direla, era berean, aske eta duintasunez eta eskubidez pareko»; baina guztiok dakigu gezurra dela hori. Eskubide egiazkoz eta eraginkorrez gozatu ahal izateko, garrantzizkoagoa da lurralde boteretsu eta aberats batean jaiotzea lurralde behartsu bateko pertsona izatea baino.
Demokrazia modernoak behartsuez kezkatzen dira, bai, baina beren arreta-gunea ez dute jende babesgabea, baizik eta hiritarra oro har. Elizan ahaleginak egiten dira behartsuen zoria arintzeko, baina gure kezka-gunea ez da azkenak direnen sufrimendua, baizik eta kristauen biziera morala eta erlijiosoa. Mesedegarri izango dugu Jesusek gogorarazi diezagun ezen jende babesgabea dela Jainkoaren bihotza betetzen duena.
Inoiz ez duzu ikusiko beraren izena egunkarietan. Inork ez dio pasatzen uzten inon ere. Ez dute, ez titulurik, ez kontu korronte inbidiagarririk, baina handi dira. Ez dute aberastasun handirik, baina badute diruz ezin erosi den zerbait: onberatasuna, harrera-gaitasuna, txera eta gupida premian denarentzat.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain