NOIZ ARTE IRAUN BEHAR DU HONEK GUZTIAK?
Laburra da parabola eta ondo ulertzen da. Bi lagunek betetzen dute eszena, hiri berean bizi dira. «Epaile» batek, Israelen gizaki izateko oinarrizkotzat ematen diren bi jarrera falta ditu. «Ez dio Jainkoari beldurrik» eta «ez zaizkio axola pertsonak». Gizon sorgorra da Jainkoaren ahotsarekiko eta axolagabea zapalduak direnen sufrimenduaren aurrean
«Emakume alarguna» da bestea. Bakarrik bizi da, babestuko lukeen senarrik gabe eta ez du inolako gizarte-sostengurik ere. Biblia-tradizioan, «alargun hauek», umezurtzekin eta atzerritarrekin batean, jenderik babesgabeenen sinbolo dira. Pobreetan pobreenak.
Emakumeak ezin egin du besterik, hertsatu baizik, mugitu baizik behin eta berriz bere eskubideak erreklamatzeko, etsi gabe bere «arerioaren» abusuen aurrean. Bere bizitza guztia oihu bihurtu du: «Egidazu zuzentasuna».
Aldi batez, epaileak ez du erreakzionatu. Ez dio utzi hunkitzen; ez dio kasurik egin nahi izan etengabeko oihu hari. Geroago pentsatzeari eman dio eta jardutea erabaki du. Ez errukiaz, ezta zuzentasunak eraginda ere. Soil-soilik nekea ekiditeko eta hertsapena handiagoetara joan ez dadin.
Hain doilorra eta egoista den epaile batek noizbait ere alargunari zuzentasuna egin badio, Jainkoak, Aita errukitsuak, babesgabeekiko adi eta erne denak, «ez ote die zuzentasuna egingo bere hautatuei, gau eta egun oihuka ari zaizkionei?»
Parabolak, beste ezer baino lehenago, konfiantza izateko mezua dakar. Pobreak ez daude beren zorian bertan behera utziak. Jainkoa ez da sorgor beraien oihuentzat. Bidezkoa da esperantza. Segura da esku hartuko duela. Baina, ez al da ari gehiegi berandutzen?
Horra ebanjelioko galdera kezkagarriaren nondik norakoa. Konfiantza izan behar dugu; etengabe eta etsi gabe dei egin behar diogu Jainkoari; «oihu egin behar diogu» egin diezaiela zuzentasuna inork defenditzen ez dituenei. Baina, «gizonaren Semea etorriko denean, aurkituko ote du lurrean horrelako federik?»
Jainkoari egindako oihua al da gure otoitza?, munduko pobreentzat zuzentasuna eskatuz egina?, ala beste batekin ordezkatu dugu, gure «neu»az betea den beste batekin? Egiten al du durundurik gure liturgian sufritzen ari direnen aldeko deiadarrak ala ongizatearen desioa da entzuten dena, beti ongizate hobeagoa eta seguragoa eskatuz?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






