KRISIALDI ERLIJIOSOAN GALDURIK
Krisialdi erlijiosoan bizi gara. Ematen du, fedea itorik-edo ari dela gelditzen jende ez gutxiren kontzientzian, kultura modernoak eta gaur egungo gizakiaren bizierak hertsatua den jendearen baitan. Baina, aldi berean, erraza da nabaritzea berriro ari dela iratzartzen jende ez gutxirengan zentzuaren bila ibili beharra, biziera desberdin baten guraria, Jainko Adiskide baten premia.
Egia da, zabaldu egin dela gure artean eszeptizismo orokortu bat egitasmo handien eta hitz handien aurrean. Jadanik. ez dute oihartzunik «salbazioa» edo «erospena eskaintzen duten diskurtso erlijiosoek. Murriztu egin da, kasik erabat galtzeraino, esperantza bera ere: gizadiari emandako Berri Onaren zatiren batean benetan entzun ere egin daitekeen duda nagusitu da.
Aldi berean hazten ari da ez gutxirengan ustea ezen galdu egin dugula zuzeneko norabidea. Zerbait hondoratzen ari da gure hankapean. Helmugarik eta erreferentzia-punturik gabe geratzen ari gara. Konturatzen gara askatu ditzakegula «problema» batzuk, baina gero eta gaitasun txikiagoa dugula biziaren «problema» askatzeko. Ez al gaude, ordea, inoiz baino gehiago salbazioaren premian?
Halaber, «zatidura» aldiak bizi ditugu. Bizitza atomizatu egin da. Nor bere txokoan bizi da. Oso urruti gelditu da humanismo hura, egia eta orokortasunaren zentzua bilatzen zuen hura. Gaur egun ez zaio entzuten biziaz zerbait dakienari, baizik eta existentziaren puska batez asko dakien baina existentziaren zentzuaz guztiz ezjakin den adituari entzuten zaio.
Aldi berean, pertsona ez gutxi ondoezik sentitzen hasia da datuz, informazioz eta zifrez zurrunbilotsu bizi den mundu honetan. Ezin saihestu ditugu gizakiaren beti-betiko galderak. Nondik gatoz? Norantz goaz? Ez ote da modurik biziaren azken zentzua aurkitzeko?
Halaber, pragmatismo zientifikoaren aldiak dira gaurkoak. Gizaki modernoak erabaki du (ez dakigu zergatik) zientziaz egiaztatu daitekeena bakarrik existitzen dela. Ez dago beste ezer. Zientziak atxikitzen ez duena, besterik gabe, ez da existitzen. Jakina, sinplea bezain zientifikotasun eskasekoa den planteamendu honetan, Jainkoak ez du lekurik, eta ez-aurrerakoien mundu zaharkitura zokoratzen da fede erlijiosoa.
Halaz guztiz, asko ari dira jabetzen ezen planteamendu hau hanka motz gelditzen dela; ez dio, bada, errealitateari erantzuten. Bizia ez da «mekano edo jostailu handi bat»; gizakia ere ez da zientziak atzeman dezakeen mundu bateko «puska» bat. Alde guztietan sumatzen da misterioa: gizakiaren barnean, kosmosaren egundokotasunean, gizadiaren historian.
Horregatik sortzen da berriro susmoa: ez ote dira hain justu zientziak ezkutatu nahi dituen «arazo horiek» biziari zentzua ematen diotenak? Ez ote da oker handia existentziaren misterioari eman beharreko erantzuna ahaztea? Ez ote da tragedia bat Jainkoa hain xalo bazter uztea? Bitartean bizirik jarraitzen dute Jesusen hitz hauek: «Bihotz-berri zaitezte, hurbil da-eta Jainkoaren erreinua».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






