JAINKOAZ IRRIKA ETA GIZAKIAZ GUPIDA
Funtsezkoaz ahazten direnean, erraz murgiltzen dira erlijioak jainkozaletasun eskaseko bidetan edota kasuistika moralean; Jainkoarekin harreman sanoak izateko ezgai bihurtzen dira orduan eta pertsonak larriki kaltetzen ahal dira. Erlijio bakar bat ere ez dago libre arrisku honetatik.
Ebanjelioetan datorren eszenak ingurumen erlijioso bat du oinarri; horretaz baliatzen dira apaizak eta lege-maisuak Jainkoaren Legeko ehunka agindu sailkatzeko: «erraz» eta «zail» bezala, «txiki» eta «handi» bezala. Kasik ezinezkoa da sare horretan bihotz sano batekin mugitzea.
Jesusi planteatu dioten galderak funtsezkoa zer den berreskuratu nahi du, «espiritu galdua» aurkitu: zein da agindu nagusia?, zer da funtsezkoa?, non dago ororen muina? Jesusen erantzunak, Hillel-enak eta beste judu-maisuenek bezala, Israel herriaren oinarrizko fedea biltzen du: «Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, zeure bihotz guztiaz, zeure arima guztiaz, zeure izate guztiaz». «Maita ezazu lagun hurkoa zeure burua bezala».
Ez dezala inork pentsa ezen Jainkoa maitatzeaz ari garenean, irudimenezko Izaki batek eragindako zirrarez edo emozioez nahiz sentimenduez ari garenik, ezta errezo eta jaidurara gonbidatzeaz ere. «Jainkoa bihotz guztiaz maitatzeak» bizitzaren azken Misterioa apal-apal aitortzea esan nahi du; bizitza, Jainkoaren borondatearekin bat eginik, konfiantzaz norabidetzea: Jainkoa Aita bezala maitatzea, ona delako eta geure ona opa digulako.
Honek guztiak modu erabakitzailean markatzen du bizitza; izan ere, bizitza erro-errotik gorestea esan nahi du; bizitzan esker onez parte hartzea; on eta eder dena aukeratzea beti; haragizko bihotzaz bizitzea eta ez harrizkoaz; kontra egitea Jainkoaren borondateari saldukeria egiten dionari, beraren seme-alaben bizitza eta duintasuna ukatuz.
Horregatik, Jainkoa maitatze hori ezin bereizia da anai-arrebak maitatzetik. Honela gogorazten digu Jesusek: «Maita ezazu lagun hurkoa zeure burua bezala». Ezinezkoa da Jainkoa egiaz maitatzea beraren seme-alaben sufrimenduari ezentzun eginda. Zer erlijio-mota izango litzateke zeinetan elikatu gabeen goseak edota aseak direnen gehiegikeriak, ez galderarik, ez kezkarik ez bailieke planteatuko fededunei? Ez dabiltza batere oker Jesusen erlijioa «Jainkoaz irrika eta gizakiaz gupida» bezala laburbiltzen dutenak.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain