ESERITA BIDE ERTZEAN
Kristautasunari, hasiera haietan, «Bidea» izena ematen zioten (Apostoluen Eginak 18,25-26). «Kristau bihurtzea», erlijio berri batean sartzea baino gehiago, bizitzako bide zuzena aurkitzea zen, Jesusen urratsei jarraituz. Kristau bihurtzeak «Kristori jarraitzea» esan nahi du beraientzat. Hau oinarrizkoa da eta erabakitzailea.
Gaur gauzak aldatuak ditugu. Kristautasunak hogei mende hauetan, doktrina-garapen oso garrantzizkoa ezagutu du, eta liturgia eta kultu oso landuak garatu ditu. Denbora asko da kristautasuna erlijiotzat emana dela.
Horregatik, ez da harritzekoa kristau sentitzen den jendearekin topo egitea, bataiatua delako eta bere betebehar erlijiosoak betetzen dituelako, nahiz eta ez duen hartu bizitza sekula Jesu Kristori jarraitzetzat. Gertaera hau, gaur egun aski orokortua, imajinaezina izango zen kristautasunaren lehen aldi haietan.
Ahaztu egin dugu ezen kristau izatea Jesu Kristori «jarraitzea» dela: mugitu, urratsak egin, ibili, geure bizitza eraiki haren urratsei jarraituz. Gure kristautasuna, batzuetan, fede teoriko eta ez-eginkor hutsean gelditzen da edota ohikeriazko praktika erlijioso hutsean. Ez du bihurtzen gure bizitza Jesusen jarraipen.
Hogei menderen ondoren, gaurko kristauaren kontraesanik handiena kristau dela uste izatea da Jesusi jarraitu gabe. Kristau-erlijioa onartu egiten da (beste bat onartzen ahal litzatekeen moduan); izan ere, segurtasuna eta lasaitasuna ematen dio «ezezagun» denaren aurrean; baina ez da murgiltzen Kristori leial jarraitzearen dinamikan.
Itsu gaude eta ez dugu ikusten non dagoen kristau-fedearen funtsa. Jerikoko itsuaren sendatzeak geure itsutasunetik irtetera gonbidatzen gaitu. Kontakizunaren hasieran, Bartimeo «bide-ertzean eserita» ageri da. Gizona itsu da eta norabiderik gabe, bidetik at, Jesusi jarraitzeko gaitasunik gabe. Jesusek bere itsutasunetik sendatu duenean, itsua, ikusmena berreskuratu ez ezik, bere Maisuaren zinezko «jarraitzaile» bihurtu da; izan ere, egun hartaz gero, «bidean jarraitzen zion». Behar dugun sendatzea da.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain