HARRIGARRIA
Jesusen parabola hau harrigarrienetakoa izan zen. Fariseu otoizlari bat eta zerga-biltzaile bat tenplura igo dira, otoitz egitera. Zein erreakzio izango du Jainkoak biziera hain kontrako eta desberdineko diren pertsona bi hauen aurrean?
Fariseua zutik ari da otoitzean, seguru eta inongo beldurrik gabe. Kontzientziak ez dio ezer leporatzen. Ez da hipokrita. Dioena egia da. Leial betetzen du Legea, eta, are, gainditu egiten du. Ez dio bere buruari merezimendurik aitortzen, baizik eta Jainkoari eskertzen dio den-dena: «Ene Jainko, eskerrak demazkizut». Gizon hau santu ez bada, zein izan daiteke? Seguru da izango duela Jainkoaren bedeinkazioa.
Zerga-biltzailea, aitzitik, txoko batean ari da. Ez dago eroso leku santu horretan. Ez du bere lekua. Ez da ausartzen begiak lurretik jasotzera ere. Bularra jo eta jo, eta bere bekatua aitortzen du. Ez du ezer promes egiten. Ezin utzi du bere lanbidea, ezta itzuli ere lapurtu duena. Ezin aldatu du bizieraz. Ez du ikusten bere burua Jainkoaren errukian uztea beste biderik: «Ene Jainko, izan ezazu erruki nitaz, bekatari naiz eta». Inork ez luke egon nahi haren larruan. Jainkoak ezin onetsi du haren jokabidea.
Bat-batean, baieztapen harrigarri eta nahasgarri batez konkluditu du Jesusek parabola: «Nik diotsuet, zerga-biltzaile hau zuzenetsirik itzuli zela etxera, eta fariseua ez». Entzuleei huts egin diete beren eskema guztiek. Nolatan esan dezake Jesusek Jainkoak ez duela onartu gizon otoizlaria eta, aitzitik, bere onginahia eskaini diola bekatariari? Ez al da ari Jesus suarekin jostatzen? Egia ote da, gauza erabakitzailea, azkenean, ez dela norberaren biziera erlijiosoa, baizik eta Jainkoaren erruki ezin atzemana?
Egia bada Jesusek dioena, Jainkoaren aurrean ez dago segurtasunik inorentzat, santurik santuena dela uste izanik ere. Guztiok dugu Jainkoaren errukira jo beharra. Norbait bere buruarekin onik sentitzen denean, bere bizitzari egozten dio den-dena eta ez du sumatzen beste ezeren beharrik. Norbaitek bere kontzientziak akusatzen duela eta aldatzeko gaitasunik ez duela sentitzean, Jainkoaren gupidara jo beharra bakarrik sentitzen du, eta gupidara bakarrik.
Bada Jesusengan zerbait zoragarririk. Hain liluragarria da Jainkoaren errukian duen fedea, non ez baita gauza erraza berari, Jesusi, sinestea. Segur aski, hobekienik ulertzen ahal diotenak, beren biziera ez-moraletik irteteko kemenik ez dutenak dira.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain