ONARTEZIN DIRENENTZAT
Bada Jesusen esaldi bat, beraren garaikideak harritu eta eskandalizatu zituen konbentzimendu bat eta jarduera bat islatzen zituena: «Ez dira osasuntsuak sendagile beharra dutenak baizik eta gaixoak… Ez naiz etorri jende zuzenari dei egitera, baizik eta bekatariei». Historikoa da datua: Jesusek ez zion hitz egin jende jainkozaleari, baizik eta jende duingabe eta onartezinari.
Xumea da arrazoia. Jesusek laster atzeman du bere mezua alferrikakoa dela beren erlijioaz seguru eta aserik bizi direnentzat. «Jende zuzenak» ozta-ozta sentitzen du «salbazio» beharra. Aski du Jainkoarentzat eta gainerakoentzat duinekoa dela uste izateak ematen dion lasaitasuna.
Grafikoki dio Jesusek: osasunez eta indarrez betea den pertsonari ez dio ematen buruak sendagileagana joatea. Zertako behar dute Jainkoaren barkazioa beren baitan errugabe sentitzen direnek?, nolatan eskertuko diote bere egundoko maitasunaz eta erruki agortezinaz «babesturik» dauzkala uste dutenek, beraren legeak zorrotz eta xeheki betetzen omen dituztelako?
Bekatari sentitzen denak beste esperientzia bat bizi ohi du. Kontzientzia argia izaten du bere miseriaz. Badaki ezin dela aurkeztu aski duintasunez inoren aurrean; ezta Jainkoaren aurrean ere, ezta bere buruaren aurrean ere. Zer egin dezake den-dena Jainkoaren barkaziotik itxaron baizik? Non aurkituko du salbazioa, bere burua Jainkoaren maitasun infinituaren baitan konfiantzaz ipintzean baizik?
Ez dakit zein iritsiko den lerro hauek irakurtzera. Une honetan zuek zaituztet gogoan: ezgai sentitzen zaretenak gizarteak ezartzen dituen arauen arabera bizitzeko; indarrik ez duzuenak erlijioak ezartzen duen ideal morala bizitzeko; bizitza duingabeak harrapaturik zaudetenak; ez emazteari ez seme-alabei begietara begiratzen ausartzen ez zaretenak; kartzelatik irteten zaretenak berriro bertara joateko; prostituziotik ezin irten zaretenak… Ez ezazue ahaztu sekula: zuentzat etorri da Jesus.
Legeak juzkaturik gertatuko zaretenean, senti ezazue Jainkoak ulertzen zaituztela; gizarteak bazter utzirik gertatuko zaretenean, pentsa ezazue Jainkoak harrera ona egiten dizuela; inork barkatzen ez dizuenean, senti ezazue Jainkoaren barkazioa agortezina dela. Ez duzue merezi. Ez dugu merezi inork. Jainkoa, ordea, horrelakoa da: maitasun eta barkazio. Zuek gozatu eta eskertu ahal izango duzue. Ez ezazue ahaztu sekula: Jesusen arabera, tenplutik garbi publikano hura bakarrik irten zen, bularra kolpatzen zuena, esanez: «Ene Jainko, izan ezazu gupida bekatari honetaz».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






