ABERATSAREN SALBAZIOA
Gizarte-maila erosoko aski kristau dira deseroso sentitzen direnak «moda» honekin: Elizan pobreen alde hainbeste hitz egitearekin. Ez dute ulertzen nolatan izan daitekeen Ebanjelioa haientzat bakarrik. Eta, ondorioz, aberatsek honela bakarrik ulertzen al dutela Ebanjelioa: beraien interesen mehatxu bezala eta beraien aberastasunen interpelazio bezala.
Uste dute hau guztia ez dela demagogia merke bat baizik, ez dela Ebanjelioaren sasiko ideologizazioa baizik eta, azken batean, «ezkerraren politika egitea» baizik. Izan ere, ikus dezagun: Jesus ez al zitzaien denei maila berean agertzen? Ez al zituen onartzen behartsuak eta aberatsak maitasun bat beraz? Ez al zien eskaini salbazioa guztiei?
Bai, noski, guztiengana hurbildu da Jesus salbazioa eskainiz. Baina ez modu berean guztiengana. Eta, zehazki, aberatsengana hurbildu da beste ezer baino lehen beren aberastasunetatik «salbatzeko».
Jerikon, aberats baten etxean gelditu da Jesus ostatuz. Gizonak pozik onartu du. Ohorea da berarentzat bere etxean harrera egitea Nazareteko Maisuari. Jesusekin topo egin eta beraren mezua entzutean, aberatsa aldatu egin da. Konturatu da gauzarik inportanteena ez dela metatzea baizik eta partekatzea, eta erabaki du bere ondasunen erdia pobreei ematea. Jabetu da lapurtu dienei zuzentasuna egin behar diela, eta gaindika itzultzera konprometitu da. Soilik orduan aldarrikatu du Jesusek: «Gaur etxe honetan salbazioa gauzatu da».
Aberatsari ez zaio eskaini salbatzeko beste biderik: daukana partekatzea bakarrik premian diren pobreekin. Bere ondasunekin egin dezakeen «kristau-konbertsio errentagarri» bakarra da.
Xumea da arrazoia. Ezinezkoa da mundu senidezkoago bat, aberatsek jarreraz aldatzen ez badira eta beren ondasunak murriztea onartzen ez badute, gaur egungo sistema ekonomikoak pobretu dituenen mesedetan.
Hau da aberatsei eskaintzen zaien salbazio-bidea. «Haiek laguntza orduan bakarrik har dezakete: beren pobretasuna onartu eta behartsuen elkartean sartzeko prest jarriko direnean, modu berezian berek indarkeriaz miseriara eraman dituztenen elkartean» (Jürgen Moltmann).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







