GAUZA IRRIGARRIA OTE JAINKOAGAN ESPERANTZA IPINTZEA?
Saduzearrak ez ziren batere herrikoi herrixketako jende artean. Familia aberatsek osatutako taldea zen; Jerusalemgo elitekoak ziren, joeraz kontserbadoreak, bai erlijioa bizitzeari zegokionez, bai Erromako boterearekin ulermena bilatzeko politikan. Ez dakigu haietaz ezer askoz gehiago.
Esan dezakeguna da «piztuerari uko egiten ziotela». «Berritasuntzat» hartzen zuten pìztuera, jende xaloaren ustekeriatzat. Ez zien axola heriotzaz haraindiko bizia. Ondo zihoakien bizitza honetan. Zertan kezkatu beste ezertaz?
Behin batean Jesusi hurbildu zitzaizkion piztuerarekiko fedea barregarri jarri nahian. Kasu guztiz irreal bat aurkeztu zioten, beren fantasiaren fruitua. Zazpi anaiez hitz egin zioten Jesusi: bata bestearen ondoren emazte bat berarekin ezkondu dira, Jerusalemgo familia boteretsu haietako gizonezkoen adarreko izenaren, ohorearen eta ondarearen segida segurtatzeko. Arazo horretaz dute ulertzen soilik.
Jesusek piztueraz duten ikusmoldea kritikatu die: txorakeria da uste izatea ezen behin betiko bizian, Jainkoaren ondoan, bizitza honetako egoera berregitea eta luzatzea izango dela arazoa, eta zehazki gizonezko aberatsen probetxurako diren patriarka-egitura horiek luzatzea izango dela.
Beste biziaz Jesusek duen fedea ez datza hain irrigarria den zerbaitetan: «Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoa ez da hildakoen Jainkoa, baizik eta biziena». Jesusek ezin du imajinatu ere, Jainkoari bere seme-alabak hilez joango zaizkionik; Jainkoa ez da bizi betikotasun osoan hildakoez inguraturik. Ezin du imajinatu ere, bizia Jainkoaren ondoan mundu honetako desberdintasunak, zuzengabekeriak eta abusuak betikotzea izan daitekeenik.
Era arin eta atseginean bizi denean, norberaren ongizateaz gozatuz eta sufritzen ari direnak ahaztuz, aise gerta daiteke mundualdi honetako bizitza hau bakarrik gogoan izatea. Barregarri ere irudi dakioke halakoari beste esperantza bat elikatzen jardutea.
Gehiengo pobreen sufrimendua apur bat partekatzen denean, bestela ikusten dira gauzak: zer esan ogirik, osasunik edo maitasunik ezagutu gabe hil direnez?, zer esan huts egindako edo zuzengabeki jo eta galdutako hainbat eta hainbat bizitzaz? Irrigarri ote Jainkoaganako esperantza elikatzea?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain