BIZIAREN ADISKIDE
«Biziaren adiskide da Jainkoa». Hau da Jesusen oinarrizko konbentzimenduetatik bat. Horregatik, behin batean saduzear-talde batekin ezbaian ari zela –hauek ukatu egiten zuten piztuera-, argiro agertu zien bere fedea: «Jainkoa ez da hildakoen Jainko, biziena baizik».
Jesusek ezin du imajinatu ere Jainkoari bere sorkariak hiltzen ari zaizkiolakoa; urte batzuk bizi ondoren, ezin du imajinatu ere herioa bere seme-alabak barik uzten ari delakoa. Ez da posible. Bizi-iturburu agortezin da Jainkoa. Jainkoak bizidun kreatu ditu bere sorkariak, zaindu egiten ditu, defenditu, gupidatu egiten da beraiez eta berreskuratu egiten du beraien bizia bekatutik eta heriotzatik.
Segur aski, Jesusek ez zuen irakurri sekula Jakinduria liburua, Kristo aurreko 50 urte inguru lehenago Alexandrian idatzia; baina Jesusen mezuak judu jakintsu honen orrialde ahaztezin hau gogoratzen digu, dioena: «Guztiez errukitzen zara zu, den-dena egin dezakezulako; begiak ixten dituzu gizakien bekatuen aurrean, damu daitezen. Izaki guztiak maite dituzu eta ez duzu higuintzen zeuk egina duzun ezer; gauza bat gorroto izan bazenu, ez zenuen kreatuko. Nola eutsiko zioten biziari zuk kreatu ez bazenitu? Baina guztiei barkatzen diezu zuk, Jauna, biziaren adiskide, zeureak dituzulako» (Jakinduria 11,23-26).
Biziaren adiskide da Jainkoa. Horregatik, era duinean bizitzen inola ere ez dakiten edota inola ere ezin duten guztiez gupidatzen da. «Begiak ixteraino» ere iristen da gizakien bekatuen aurrean, biziaren bidea aurkitu ahal dezaten. Ez du higuintzen kreatu duen ezer. Izaki guztiak maite ditu; bestela ez zituen kreatuko. Guztiei barkatzen die, guztiez gupidatzen da, guztiak bizi daitezen nahi du, guztiak bere dituelako.
Eta guk, nolatan ez dugu gehiago maite kreazio osoa? Zergatik ez dugu zaintzen eta defenditzen indartsuago izaki guztien bizia, horrenbesteko hondamen eta oldarretik? Zergatik ez gara gupidatzen hainbat jende «zokoratuz», mundu hau beren etxe izatetik gizarteak baztertu dituenez? Nolatan jarrai dezakegu pentsatzen ezen gure ongizatea garrantzizkoagoa dela hainbat eta hainbat gizon emakumeren bizia baino?, Jainkoak beraientzat ere kreatu duen Lur honetan arrotz eta lekurik gabeko sentitzen baitira.
Sinestezina da gure artean ezin ikusi ahal izatea gure erlijioa zein era absurduan agertzen den: batetik Kreatzaileari eta biziaren Berpiztzaileari kantatzen diogu; bestetik eta aldi berean, beraren sorkarien artean gosea, sufrimendua eta narriadura eragiten dugu.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







