ARAZO HANDIAK PLANTEATU
Gaur egungo gizakiak ez die jadanik beldurrik diskurtso apokaliptikoei «munduaren azkenaz». Ez du hartzen denborarik Jesusen esperantzazko mezua entzuteko ere; halere, lengoaia hori bera erabiliz, mundu berri baten jaiotza iragarri du Jesusek. Gizaki honi ardura zaiona «krisi ekologikoa» da. Ez da, soilik, gizakiaren berezko ingurumenaren krisi bat. Gizakiaren beraren krisia da. Planeta honetako bizitzearen krisi globala. Krisi hilgarria, ez gizakiarentzat bakarrik, gainerako izaki arimadunentzat ere baizik, aspalditik ari baitira pairatzen.
Pixkana konturatzen hasiak gara ezen kale itsu batean sartu garela, mundu osoan biziaren sistema osoa krisian ezarriz. Gaur egun, «aurrerapena» ez da esperantza-hitza joan den mendean izan zen bezala; izan ere, beldur gara, gero eta gehiago, aurrerapena ez ote den izango, ez biziaren zerbitzari, baizik herioarena. Gizadia aurreustea izaten hasia da ezen ezin izan dela egokia krisialdi globalera garamatzan bidea, basoak galtzetik neurosia zabaltzera, ura kutsatzetik hiri masifikatuetako hainbat eta hainbat biztanleren «hutsune existentzialeraino».
«Hondamendia» gelditzeko, premiazkoa dugu norabidez aldatzea. Ez da aski teknologia «zikinen» ordez «garbiago» batzuk sustatzea, edota «industrializazio» basatiaren ordez «zibilizatuago» bat. Premiazkoak dira aldaketa sakonak gaur egun teknologien garapena eta aurrerapena gidatzen dituztenen onuran eta probetxuan. Hemen hasten da gizaki modernoaren drakma. Gizarteek ez dute agertzen gaitasunik beren balio- eta zentzu-sisteman aldaketa erabakitzailerik tartekatzeko. Ondo-ondoko interes ekonomikoak beste edozein planteamendu baino indartsuago dira. Horren arabera, hobe da krisiari dramatikotasun-itxura kentzea, «lau ekologista zoroak» deskalifikatzea eta jendearen artean axolagabetasuna faboratzea.
Baina, ez ote da iritsia arazo handiak planteatzeko ordua, Lurraren inguruan giza existentziaren «zentzu globala» berreskuratzeko bide emango digutenak, eta gizakiaren eta kreazio osoaren artean erlazio bakezkoago bat nola bizi irakatsiko digutenak?
Zer da mundua? «Jaberik gabeko ondasun bat»?, gizakiak modu basatian eta inolako begirunerik gabe ustiatu ahal duena?, ala Kreatzaileak erregalu eman digun etxea, egunetik egunera bizigarriago bihurtzeko? Zer da kosmosa? Material gordin bat, nahi bezala eskukatu dezakeguna ala Jainkoaren sorkaria, bere Espirituaren bidez den-dena biziarazten duena eta «zeru-lurrak» beren azken betera gidatzen dituena?
Zer da gizakia? Kosmosean galdua den izaki bat, etsirik naturaren aurka borrokan ari dena, baina erremediorik gabe hondamendira doana?, ala Jainkoak kreazioarekin bakean bizitzera eta bizia bere betetasuna Kreatzaileagan lortzera adimenez orientatzera deitua den izakia?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain