PAZIENTZIA GALDU GABE
Jesusek pertsekuzioez eta etorkizuneko atsekabez jaulkitako hitzak jaso ditu Lukasek; modu berezian azpimarratu du Jesusek krisiari pazientziaz aurre egin beharra. Ebanjelariak erabili duen terminoak adorea esan nahi du, eroapena, iraunkortasuna, zailtasunei irmo eusteko gaitasuna, pazientzia eraginkorra.
Gure egunotan doi-doi aipatzen da pazientzia; halaz guztiz, gutxitan izango zen gaur bezain beharrezkoa: krisialdi larri eta orokor honetan, ziurgabetasun honetan, frustrazio honetan.
Asko dira gaur egun zerupean bizi direnak eta, ezin topatu izatean zentzurik, segurtasunik eta esperantzarik emango dien babesik, etsipenak, ziurtasun-ezak eta depresioak jotzen ditu.
Ebanjelioak aipatzen duen pazientzia jende indartsu eta zailduaren bertutea da. Hobeto esan, historia arnasten eta gidatzen duen Jainko pazientziadun eta indartsuagan, batzuetan guretzat hain ulertezina izanik ere, txeratsu eta maitasun gupidatsu den Jainkoagan, sinesten duenaren jarrera baretsua da.
Pazientzia honek arnastua den pertsonak ez die uzten atsekabeei eta krisialdiei bera nahastarazi dezaten. Bihotz barez eta konfiantzazkoaz eusten dio. Bere sekretua Jainkoaren pazientzia leiala du; Jainkoak, izan ere, hainbat zuzengabekeria zoro eta hainbeste kontraesan eta guzti, aurrera jarraitzen du bere lanean bere promesak bete arte.
Pazientzia gabeak, luze jotzen du itxaroa. Horregatik, sumindu egiten da eta tolerantziarik gabeko bilakatzen. Irmo eta indartsu dela ematen duen arren, ahul eta errorik gabeko da egiaz. Asko mugitzen eta urduritzen da, baina gutxi eraikitzen; etengabe dihardu kritikatzen, baina doi-doi du ereiten; gaitzetsi bai, baina liberatu ez. Pazientzia gabea aise eror daiteke etsipenean, nekean edo amore emate garratzean. Ez du jada ezer espero. Ez du sekula esperantzarik kutsatzen.
Pertsona pazientziaduna, aitzitik, ez da sumintzen, ez du tristuraz lur jotzen. Begirunez kontenplatzen du bizitza, eta, are, adeitasunez. Besteei izaten uzten die, ez du aurreratzen Jainkoaren auzia, ez dio buruak ematen bere zuzenbidea inori ezartzea.
Halaz guztiz, ez dute jotzen, ez apatiak, ez eszeptizismoak, ez utzikeriak. Pazientziadunak egunez egun egiten du borroka eta ahalegintzen da; hain justu, esperantzak arnastua delako. «Horregatik saiatzen gara lanean eta borrokan, gizon-emakume guztien eta batik bat sinestedunen salbatzailea den Jainko biziarengan itxaropen dugulako» (1 Tim 4,10).
Fededunaren pazientzia «biziaren adiskide» den Jainkoagan errotzen da. Geure bidean aurkitzen ditugun zuzengabekeriak, bizitzak ezartzen dizkigun kolpeak, hainbat eta hainbat sufrimendu zoro eta baliogabe eta guzti, Jainkoak aurrera jarraitzen du bere lanean. Beragan dugu fededunok geure esperantza.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain