BUKATUTZAT EMAN
Jesusek Jerusalemera egin duen azken bisita da. Bidelagun dituen batzuek miresgarri jotzen dute «tenpluaren edertasuna». Jesusek, aitzitik, zerbait oso desberdinari erreparatu dio. Bere profeta-begiez era sakonagoan ikusi dute tenplua: leku handios hartan ez dira ari Jainkoaren erreinuari harrera egiten. Horregatik Jesusek bukatutzat eman du: «Kontenplatzen duzuen honi iritsiko zaio egun bat, zeinetan ez baita geratuko harririk harri gainean: den-dena suntsituko dute».
Bat-batean, beraren hitzek hautsi egin dute tenpluaren inguruan bizi duten autoengainua. Eraikin miresgarri hura betikotasunaren sasi-ilusioa elikatzen ari da. Erlijioa bizitzeko era hura, Jainkoaren zuzentasuna onartu gabe eta sufritzen ari direnen aldarriari ezentzuna eginez, engainagarria da eta galkorra: «Hori guztia suntsitu egingo dute».
Jesusen hitzak ez dira irten suminduratik. Askoz gutxiago mespretxutik edo erresuminetik. Lukasek berak esan du apur bat lehenago, Jerusalemera hurbildu eta hiria ikustean, Jesusek «negarrari eman diola». Profetikoa da beraren lantua. Boteretsuek ez dute negarrik egiten. Errukiaren profetak bai.
Jesusek negar egin du Jerusalemen aurrean, hiria inork baino gehiago maite duelako. «Erlijio zaharkitu batengatik» egin du negar, Jainkoaren erreinura irekitzen ez delako. Jesusen malkoek beraren solidaritatea adierazten dute bere herriaren sufrimenduagatik, eta aldi berean sistema erlijioso harekiko errotiko kritika agertzen du, Jainkoaren bisita oztopatzen duelako: Jerusalemek –bakearen hiriak!- «ez du ezagutzen bakera daramana», «beraren begientzat ezkutuan dagoelako».
Jesusen jarduerak gutxi baino argi gehiago dakarkio gaur egungo egoerari. Batzuetan, krisialdietan, gureak bezalakoetan, Jainkoaren erreinuaren berritasun kreatzaileari bideak irekitzeko modu bakarra erlijio ahitua elikatzen duen guztia bukatutzat ematea da, Jainkoak munduan sartu nahi duen bizia eragiteko gai ez delako.
Ez da gauza erraza mendetan barna bizi izandako zerbait bukatutzat ematea. Ez da lortuko betiko eta erabat gorde nahi dutenak kondenatuz. «Negar eginez» lortzen da: izan ere, Jainkoaren erreinura konbertitzeak eskatzen dituen aldaketek jende askori sufriarazten dio. Profetek negar eginez salatzen dute Elizaren bekatua.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






