IRAKATSI JESUSEK IRAKASTEN ZUEN BEZALA
Jesusen irakasteko moduak inpresio hau eragiten zuen jendeagan: zerbait ezezagun eta miresgarria zutela begi aurrean. Horixe adierazi du ebanjelio zaharrenak, eta ikertzaileek uste dute halaxe izan zela egiaz. Jesusek ez du irakasten Legearen garaiko «jende letratuak» bezala. «Aginpidez» egiten du: haren hitzak liberatu egiten du pertsona «espiritu gaiztoetatik».
«Aginpidea» ez da nahasi behar «boterearekin». Markos ebanjelaria zehatza da bere hizkuntzan. Jesusen hitza ez dator boteretik. Jesusek ez du bere gogoa gainerakoen gainetik ezartzeko asmorik. Ez du irakasten jendearen portaera kontrolatzeko. Ez da bortxaz baliatzen.
Beraren hitza ez da judu-erlijioko letratuena bezalakoa. Ez da ageri erakunde-botereaz horniturik. Beraren «aginpidea» Espirituaren indarretik jaio da. Jendeari dion maitasunetik dario. Sufrimendua arintzea du bere nahia, zauriak sendatzea, bizitza osasuntsuago bat sustatzea. Jesusek ez du eragiten mendekotasunik, haurkeriarik edota pasibotasunik. Beldurretik liberatu egiten du, Jainkoarekiko konfiantza eragiten du, jendea mundu berri baten bila jartzera animatzen du.
Inori ez zaio ezkutukoa bizi dugun aginpideaz bizi dugun krisiaren larritasuna. Erakunde-hitzaren konfiantza ere gutxienekoen azpitik dago. Elizaren baitan ere, «irakaspenaren debaluazio» bortitzaz hitz egiten da. Homiliak aspergarri dira. Hitza higaturik dago.
Ez ote da Jesusengana itzuli eta irakasten ikasteko ordua, berak egiten zuen bezala? Elizaren hitzak jaio, pertsonari izan behar dion benetako maitasunetik jaio behar du. Hitz hori esan, munduan den sufrimendua arretatsu aditu ondoren, eta ez lehenago, esan behar da. Hurbilekoa izan behar du Ekizaren hitzak, hartzailea, gizakiaren sufrimen-bizitzari lagun egiteko gai dena.
Botere-nahikundetik liberatua den hitza behar dugu, Espirituaren indarrez beteagoa. Irakaspen bat, pertsonaren begirunetik eta estimutik sortua, esperantza eragiten eta zauriak sendatzen dituena. Larria izango litzateke Elizan «letratuen irakaspena» entzun behar izatea eta ez Jesusen hitz sendatzailea, gaurko jendeak esperantzaz bizitzeko hain beharrezkoa duena.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain