JENDE EZINDUENA GAITZAREN AURREAN
Batzuk laguntza-etxe batean daude, osoki barneraturik. Beste batzuk gure kaleetan ibili dabiltza noraezean. Gehien-gehientsuenak beren familiarekin bizi dira. Gure artean daude, baina doi-doi eragiten dute inoren ardurarik. Gaixo mentalak dira.
Ez da lan erraza oinazearen eta bakardadearen munduan sartzea. Hein batean, bizitza kontziente eta afektiborik gabe bizi direlarik, ez zaie gertatzen gauza erraza bizikide izatea. Berorietako asko pertsona ahul eta zaurgarri dira, edota ikarak jota bizi dira beldurra dien edota inolako axolarik agertzen ez dien gizartean.
Antzina-antzinatik, aurreiritzi, beldur eta errezelo-multzoa eraikiz joan da, murru ikusezin baten antzeko bat, mundu ilun eta dolorezko horren eta geure burua «sanotzat» ematen dugunon artean. Gaixo psikikoak segurtasun-eza sortzen du, eta beraren presentziak arriskutsua dela ematen du beti. Jokabiderik zuhurrena geure «normaltasuna» defendatzea izaten dugu, jende hori laguntza-etxe batean barneratuz edo geure ingurunetik urrunduz.
Gaixo hauek gizarteratzeaz asko hitz egiten da gaur egun, baita berauek bizikidetasunean txertatzeak eska lezakeen sostengu terapeutikoaz ere. Baina hori guztia ez da izango teoria eder baizik, gaixo psikikoaren aurrean jarrera-aldaketa sortzen ez bada, eta bakarrik sentitzen den edo bere kideetako baten gaixotasunarekin gainera datorkion problemari erantzuteko sostengu koskorra duen hainbat familiari laguntza eraginkor bat ematen ez bazaio.
Badira familiak beren kide maitea maitasunez eta pazientziaz zaintzen dutenak, sendagileekin baikor lan eginez. Baina badira familiak zeinetan gaixoa zama ezin eroana gertatzen baita, apurka-apurka, bizikidetasuna narrastu egiten delarik eta familia guztiari negatiboki erasaten diolarik, gaixoaren egoera okerragotuz gainera.
Ironia bat da gaixo psikikoarentzat bizi-kalitate hobea, gizarteratzea edo premia afektibo, familiar eta sozialen ardura-eskubidea teorikoki defendatzen jarraitzea. Horrela izan beharko luke horrek guztiak, baina, horretarako, ezinbestekoa da familiei benetan laguntzea eta gaixoa artatzen duten sendagileen eta harreman gizatiar eta adiskidetsuaz beraren ondoan egoten dakiten pertsonen arteko lankidetza.
Zer leku izaten dute gaixo hauek gure kristau-elkarteetan? Ez al dira bazter utzi handiak? Markosen ebanjelioak era berezian azpimarratzen du Jesusek «espiritu gaiztoek harturik dauzkaten» hauei eskaini dien arreta. Jesusek pertsona babesgabeenei eta ezinduenei gaitzaren aurrean agertu dien hurbiltasuna dei interpelagarri izango dugu beti.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






