GATZA GEZATZEN BADA…
Idazki gutxik astindu ahalko dute fededunen bihotza Paul Evdokimov-en El amor loco de Dios (Jainkoaren maitasun zoroa) liburu txikiak adinako indarrez. Fede suharrez eta su-hitzez, San Petersburgoko teologo horrek agerian ipini du gure kristautasun ohikeriazko eta atseginezkoa.
Hona nola dakusan P. Evdokimovek gaur egungo unea: «Kristauek egin zitekeen guztia egin dute ebanjelioa antzutzeko; esan liteke likido neutralgarri batean murgilarazi dutela. Moteldu egiten da zirrara eragiten duen oro, gainditzen edo alderantziz jartzen duen oro. Horrela, kaltegabeko bihurturik, erlijio hego gabetu, zuhur eta arrazoizko honetaz, gizakiak ezin du botaka egin besterik». Nondik nora dator kristautasun ez-eraginkor eta urardotu hau?
Teologo ortodoxoaren kritikak ez dira gelditzen bigarren mailako arazoetan, baizik eta funtsezkora jotzen dute. Eliza ikusten du, ez «Kristoren egiazko presentziaren organismo bizi» bezala, baizik eta erakunde geldo eta «autoelikadurarako leku» bezala. Kristauek ez dute bizi misio-zentzurik, eta kristau-fedeak «galdu egin du era arraroan bere legamia-kalitatea». Gaur egungo kristauek bizi duten kristautasunak «ez du aurkitzen guztizko axolarik eza besterik».
Evdokimoven arabera, kristauek galdu egin dituzte Jesu Kristoren Jainko biziarekiko harremanak, eta doktrinari buruzko hitz-zorrozkerietan nahasten dira. Jainkoaren borondatea dogma-formulekin nahasten da, Jainkoaren Misterio santura irekitzeko gonbit diren ikono huts horiekin. Kristautasuna azaleko eta periferiakora lekualdatu da; Jainkoa, berriz, hondo sakonean bizi da.
Orduan, kristautasun urardotua eta erosoa bilakatzen da. Marcel More-k esan zuen bezala, «kristauek esertzeko modua aurkitu dute, ez dakigu nola, era atseginean gurutzean». Ahaztu egiten da kristautasuna «ez dela doktrina bat, baizik eta bizitza bat, gizakunde edo haragitze bat». Eta Elizan, jadanik Jesusen bizitzak distira egiten ez duenean, kasik ez da nabari ohi alderik munduarekiko. Eliza «munduaren ispilu leial bihurtzen da», zeina «bere haragiaren haragitzat» hartzen duelarik.
Jende askok erreakzionatuko du, noski, salaketa hain zorrotzari ñabardurak eta erreparoak ezarriz, baina ez da zaila Evdokimovek aipatzen duen horretan egiazko hondo bat ikustea: Elizan santutasuna falta da, fede bizia falta da, Jainkoarekiko harremanak falta dira. «Jainkoaren maitasun zoroa» haragitzen dutelako eskandalugile diren santuak falta dira, Jesu Kristoren ebanjelioaren lekuko biziak falta dira.
Errusiar teologoaren orrialde sutsuek Jesusenak gogarazi besterik ez dagite: «Lurraren gatza zarete zuek. Baina gatza gezatzen bada, zerez gazitu? Ez da kanpora bota eta jendeak zapaltzeko bestetarako».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain