SUFRIMENDUA ARINDU
Sufrimendua gizakiaren esperientzia latzenetako bat da. Ez du sufritzen gaixoak bakarrik, bere bizia mehatxupean ikusten eta zergatik, zertarako eta noiz arte sufritu beharko duen ez dakielarik. Halaber sufritzen dute gaixoaren familiak, maite dutenek eta artatzen dutenek.
Ezer gutxi balio izaten dute hitzek eta argibideek. Zer egin, zientziak saihestezina den zoria jadanik ezin gelditu duenean? Nola aurre egin era gizatiarrez narriadurari, hondamenari? Nola egon gaixo larri dagoen familiarteko edo adiskidearen ondoan?
Lehenengo gauza hurbiltzea da. Sufritzen ari denari ezin lagundu zaio urrunetik. Beragandik hurbil egon behar duzu. Presarik gabe, moduz eta begirune osoz. Oinazearen aurka borroka egiten lagunduz. Kemena emanez, berak ere parte har dezan bera sendatu nahian ari direnekin.
Honek esan nahi du, gaixotasunaren aro desberdinetan eta gogo-aldarte guztietan lagun egin behar zaiola. Une bakoitzean behar duena eskainiz. Zeu gogaitu gabe, bera haserre ageri zaizunean. Pazientzia izanez. Beraren ondoan jarraituz.
Garrantzizkoa da berari entzutea. Gaixoak kontatu eta partekatu ahal dezala barnean duena: huts egindako esperantza dela, kexua eta beldurra direla, bizi duen larria dela geroaren aurrean. Arnasa hartzea izaten da gaixoarentzat bere barnea konfiantzazko norbaiti hustu ahal izatea. Ez da izaten beti gauza erraza entzutea. Sufritzen ari denaren larruan jartzea eskatzen du horrek, eta esaten duenari adi egotea, bere hitzez eta, batez ere, bere isiltasunaz, keinuez eta begiratuez esaten duenari.
Benetan entzuteak gaixoaren erreakzioak onartzea eta ulertzea eskatzen du. Ulertu ezinak sakon zauritzen du sufritzen eta kexuka ari dena. Ez dute balio aholkuek, arrazoi edo argibide jakintsuek. Txeraz eta begirunez lagun egiten dionaren ulermenak arintzen ahal du gaixoa.
Pertsona batek gaixotasunaren aurrean jarrera sano eta baikorrak har ditzake, edota , aitzitik, beraren zoria okerragotzen ahal duten sentimendu agor eta negatiboak. Askotan laguntza eskaini beharko zaio artatzen dutenekin konfiantza ukan eta lankide ari dadin, bere oinazean bera bakarrik hesitu ez dadin, bere buruarekin pazientzia izan edo esker oneko ager dadin.
Gaixoak izan lezake, halaber, bere buruarekin adiskidetu beharra ere, iraganeko zauriak sendatu beharra, bere sufrimenari zentzu sakonago bat eman beharra, Jainkoarekiko bere harremanak garbitu beharra. Fededunak laguntzen ahal dio orduan otoitz egiten, barne bakea bizitzen, barkazioan sinesten eta Jaunaren maitasun salbatzailean konfiantza izaten.
Markos ebanjelariak esan digu, jendeak Jesusengana eramaten zituela bere gaixoak eta deabruak hartuak. Jesusek bazekien jende hori txeraz hartzen, Jainkoaganako konfiantza esnatzen, bekatua barkatzen eta gaixotasuna sendatzen. Giza sufrimenaren aurrean Jesusek agertu zuen jarrera beti izango da kristauentzat gaixoekin bizi beharreko etsenplua.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain