BAKARDADERA OTOITZ EGITEKO
Profeta ibiltari bezala ari zuen jarduera bizian, beti arduratu zen Jesus Jainkoarekin harremanak izateaz isiltasunean eta bakardadean. Zirrara sakona eragin zuen Jesusen ohitura baten oroitzapena gorde digute ebanjelioek: gauez bakardadera joan ohi zen Jesus otoitz egiteko.
Markosek dakarren pasarteak Jesusentzat otoitza zer den ulertzen laguntzen digu. Bezperan lan gogorra izan du. «Gaixo asko sendatu zituen» Jesusek. Handia izan da arrakasta. Txunditurik dago Kafarnaum: «Herri guztiak inguratu zuen» Jesus. Hartaz mintzo dira denak.
Gau horretan berean, goizaldera, goizeko hirurak eta seiak bitartean, jaiki eta, ikasleei ezer esan gabe, eremura joan da Jesus. «Otoitz egiten hasi zen han». Aitarekin egon beharra sentitu du. Ez du nahi arrakastaren haizeak burua nahas diezaion. Aitaren gogoa nahi du soil-soilik: egin beharra duen bidea ondo ezagutu.
Jesus beren artean ez izateaz harriturik, Simon eta lagunak haren bila joan dira. Ez zaie inporta hark Jainkoarekin ari duen solasa etetea. Berekin eutsi nahi diote: «Mundu guztia zure bila dabil». Baina Jesusek ez dio inori uzten, kanpotik bera programa dezan. Bere Aitaren egitasmoa bakarrik du gogoan. Ez du ezerk, ez inork apartaraziko bere bidetik.
Ez du gogorik bere arrakastaz gozatze aldera, Kafarnaumen gelditzeko. Ez du amore emango herri gogo-bero horren aurrean. Bada artean Jainkoaren Berri Ona entzun ez duen herrixkarik: «Goazen… haietan ere hots egitera».
Gaur egungo kristautasunean hau da alderdirik baikorrenetako bat: Jainkoarekiko komunikazioa, isiltasuna eta gogoeta egin beharra esnatzen ari dela ikustea. Kristaurik argienek eta arduratsuenek era kontenplaziozkoagoan bizitzera eraman nahi dute Eliza.
Premia estukoa da hori. Kristauok, oro har, ez dakigu Aitarekin bakarrik egoten. Teologoak, predikariak eta katekistak asko mintzo gara Jainkoaz, baina gutxi mintzo gara harekin. Jesusen etsenplua aspaldi ahaztua da. Parrokietan lan-bilera asko egiten da, baina ez dakigu bakardadera jotzen, Jainkoaren aurrean atseden hartu eta geure burua bakeaz betetzeko.
Gero eta gutxiago gara gauza gehiago egiteko. Hor dago arriskua: jardun beharraren jardunean, higaduran eta barne-hustasunean erortzeko. Halere, arazoa ez datza egunbehar asko izatean, baizik haiei aurre egin ahal izateko espiritu-indarra izatean.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain