JAINKOA JENDE XUMEARENTZAT DA
Duela urte asko izan zen; Jerusalemgo L’École Biblique-n, exegesiko maisu batek sarbidatu gintuen Mateoren ebanjelioari tripak ateratzeko arte zailean. Dena gutxi zela ematen zuen testuaren azken zentzua atzemateko: testu-kritika, analisi literarioa, pasartearen egitura. Behin batean Jesusek aldarrikatu zituen txatal hauetara iritsi ginen: «Eskerrak ematen dizkizut, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsuei eta adituei ezkutatu dizkiezulako, eta jende xumeari agertu». Irakasleak isilune luzea egin zuen. Ondoren oso astiro esan zigun: «Ez itzazue ahaztu hitz hauek sekula. Gainerako guztia ahantzi dezakezue». Segur aski, inoiz jaso izan dudan exegesi-irakaspen hobena izan zen. Gero, urteetan barna, horrela dela egiaztatu ahal izan dut.
Jainkoaren hurbileko pertsona baten ondoan nengoela uste izan dudan guztietan, bihotz xumeko pertsona zela konturatu ohi nintzen. Batzuetan ezagutza handirik gabeko pertsona, beste batzuetan kultura nabarikoa; beti, ordea, bihotz apal eta garbiko gizonezkoa edo emakumea.
Behin baino gehiagotan atera ahal izan dut ez dela aski Jainkoaz hitz egitea fedea esna dadin. Jende askorentzat, zenbait kontzeptu erlijioso higaturik dago, erabiliegia dago, eta, bere jatorrian izan zuen indar eta izerdi guztia ateratzen saiatu arren, «fosildurik» bezala, zaharkiturik, jarraitzen du Jainkoak jende horren bihotzean. Alabaina, topo egin izan dut hainbat jende xumerekin ere: ohartu naiz, ez zuela ideia eta arrazoiketa handien beharrik. Berehala sumatu izan du Jainkoa «ezkutuko Jainkoa» dela, eta berehala eta berez atera zaio deia: «Jauna, erakuts iezaguzu zeure aurpegia».
Topo egin izan dut beste mota bateko jendearekin ere: beti momentuko probetxu bila dabilen jendearekin. Batzuek bertan behera utzi dute Jainkoa, guztiz alferreko gertatu zaielako; beste batzuek Jainkoari atxikirik jarraitzen dute eta kultua eskaintzen diote, balio dielako. Halaz guztiz, ezagutu izan dut jende xumerik ere, Jainkoari eskerrak emanez bizi denik. Biziak duen alde onaz gozatzen du, pazientziaz jasaten du gaitza; badaki bizitzen eta besteri nola bizi erakusten. Ez dakit nola lortzen duen, baina ematen du bihotzetik Kreatzailearekiko gorespena dariola beti.
Askotan hitz egin izan dut gai erlijiosoez eta hitz egin dut Jainkoaz askotariko jenderen aurrean. Inoizka galderak eta galderak egiten zituen jenderekin topo egin dut, mota guztietako arazo teologikoez, Jainkoarekin topo egiteko inolako interesik gabe. Baina aurkitu dut bestelako jende xumerik ere: begiak dir-dir ipintzen zitzaizkionik, bereziki Isaias profetaren hauek bezalako testuak irakurtzen nituenean: «Neu naiz Jauna, zure Jainkoa… Zu estimu handikoa zara nire begien aurrean, balio handikoa eta maite zaitut nik… Ez beldur izan, zeurekin nauzu eta» (Isaias 43,4) edota 103. salmoa jaulkitzen nuenean: «Nola aita seme-alabentzat errukior, hala Jauna begirune diotenentzat errukior. Badaki ongi zerez garen eginak, gogoan du hautsa besterik ez garela (Sal 103,13-14). Bai, Jainkoa jende xumeari agertzen zaio.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






