ESKUA LUZATU
Zoriontasuna, arrera eta abegi ona egiten digutela sentitzen dugun hartan bakarrik da posible. Harrera hori falta denean, bizia falta da, zurrundu egiten da gure izatea, eta sormena atrofiatu. Horregatik, «gizarte itxi bat gizarte etorkizun gabea da, marjinatuen bizi-esperantza itotzen duen gizartea da, azkenean bere burua hondoratzen duena» (Jürgen Moltmann).
Asko dira gaur egungo gizon-emakumeak esparru itxi eta esklusibistan bizitzera gonbidatzen dituzten faktoreak. Gizartean segurtasun-eza, axola-gabezia edota oldarkortasuna haziz doazenean, ulergarria da nork bere «zoriontasun koskorra» segurtatu nahi izatea, pareko eta antzeko sentitzen direnen artean.
Gu bezalako den jendeak, guk bezala pentsatzen eta nahi izaten duenak, segurtasuna ematen digu. Aitzitik, gu ez bezalako den jendeak, guk ez bezala pentsatzen, sentitzen eta guk ez bezala nahi izaten duenak, kezka eta beldurra eragiten digu.
Horregatik taldekatzen dira nazioak «bloketan», batak besteari arerioki begiratzen diolarik. Horregatik ibiltzen gara nor bere «segurtasun-esparru» bila, adiskideen esparru bila, gure izaera bereko ez direnei itxia.
«Defentsiban» bezala bizi ohi gara, gero eta gaitasun txikiagoko garelarik distantziak hausteko, adiskidetasun-jarrera hartzeko, irekia pertsona ororentzat. Hurbileko jendea bakarrik onartzera ohitu gara. Gainerakoak toleratzen ditugu edota axolagabe erreparatzen diegu, arretaz eta errezeloz ez denean.
Zozo-zozo uste izaten dugu ezen, nor bere zoriontasun-puska txikia segurtatzeaz kezkatzen bada, gizadiak bere ongizaterantz bide egiten jarraituko duela. Eta ez gara jabetzen marjinazioa, banandura eta bakardadea ari garela sortzen. Eta gizarte honetan gero eta zailagoa izango dela zoriontsu izatea.
Horregatik, Jesusen keinuari gaurkotasun berezia nabari zaio. Jesus ez da mugatu lepraduna garbitze hutsera. Eskua luzatu eta ukitu egin du; horrela, lepradunak bizikidetasunetik baztertzen zituzten hainbat eta hainbat aurreiritzi, tabu eta isolamendu eta marjinazio-muga guztiak ezabatu zituen. Jesusen jarraitzaileok deiturik sentitu behar dugu, adiskidetasun irekia ekartzera gure gizarteko gizatalde marjinatuei. Asko dira ukituko dituen jendearen esku luzatuaren beharra dutenak.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain