AINTZAT HARTU BEHARTSUAK
Ohiturik gaude «zoriontasunak» entzutera, Mateoren ebanjelioan datozen bezala. Horregatik, gogor gertatzen zaigu lurralde aberatsetako kristauoi Lukasek eskaintzen digun testua irakurtzea. Ematen du, ebanjelari hau –eta ez beraren irakurleetako gutxi- klase erosoko zela. Halere, Jesusen mezua, leundu ordez, era zorrotzagoan aurkeztu du Lukasek.
Behartsuen «zoriontasunen» ondoan, ebanjelariak zoritxarrak gogoratu dizkie aberatsei: «Zorionekoak pobreak… orain gose zaretenok… orain negar dagizuenok». Baina, «ai zuek, aberatsok… orain aseak zaudetenok… orain barre dagizuenok». Ebanjelioa ezin irakurri dute gizon-emakume guztiek modu berean. Pobreentzat Berri Ona da, esperantza izatera gonbidatzen ditu; aberatsentzat mehatxu bat da, bihotz berritzera dei egiten die. Nola entzun mezu hau geure kristau-elkarteetan?
Beste ezer baino lehen, munduan dugun errealitaterik odoltsuenaren aurrean jartzen gaitu Jesusek: gehienik sufriarazten dion errealitatea da, Jainkoaren bihotzera erarik bizienean iristen dena, bere begi aurrean presenteenik duena. Errealitate bat da, lurralde aberatsetan, ezikusia egin nahi dioguna, mila eratan tapatu nahi dugun zuzengabekeriarik krudelena, zeinen konplize baikara geu ere neurri handian.
Autoengainua elikatzen jarraitu nahi ote dugu ala begiak ireki pobreen errealitateari? Egia-gogorik ba ote dugu? Hartuko ote dugu noizbait aintzat elikatu gabe eta duintasunik gabe bizi den gehiengo handi hori, ez ahotsik ez botererik ez duen hori, ongizaterako gure bidean ezer ez den hori?
Kristauok ez dugu aurkitu oraindik behartsuek kristautasunaren historian izan dezaketen garrantzia. Hauek beste inork baino argitasun handiagoa eskaintzen digute geure egia propioan geure burua ikusteko, astindu egiten digute kontzientzia eta bihotz-berritzera gonbidatzen gaituzte. Behartsuek laguntzen ahal digute geroko Eliza era ebanjelikoagoan eratzen. Gizatiarrago egiten ahal gaituzte: soiltasuna, solidaritatea eta eskuzabaltasuna era handiagoan bizitzeko gai egiten ahal gaituzte.
Aberatsak eta behartsuak bereizten dituen leizea handituz doa, gelditu gabe. Bihar egunean gero eta zailagoa izango dugu munduaren aurrean Jesusen Eliza bezala agertzea, Lurreko jenderik ahulenari eta babesik gabeenari ezikusia egiten jarraitzen badugu. Edota behartsuak aintzat hartu edota Ebanjelioaz ahaztu. Lurralde aberatsetan gero eta zailagoa izango dugu Jesusen oharpenari kasu egitea: «Ezin izan zarete Jainkoaren eta diruaren zerbitzari». Jasanezin gertatuko zaigu.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain