MAITASUNA ARERIOARI
«Entzuten didazuenoi diotsuet: maitatu zeuen arerioak, on egin gorroto dizuetenei». Zer egin genezake fededunok Jesusen hitz hauen aurrean? Ebanjeliotik kendu? Geure kontzientziaren hondotik kanporatu? Bere hartan utzi, aldi hobeak etorri zain?
Ez da oso desberdina izaten, kultura desberdinen artean, gizakien oinarrizko jarrera «arerio» baten aurrean, hau da, norbaiten aurrean zeinengandik kaltea bakarrik espero baitugu. Lisias atenastarrak (K.a. V. m.) ondo adierazten du antzinako Grezian indarrean zen ikusmoldea, gaur egun ere aski jendek onartuko lukeen formula batez: «Ezarritako arautzat ematen dut pertsonak bere arerioei kalte egiten saiatu behar duela eta norberaren adiskideen zerbitzura jartzen».
Horregatik are gehiago azpimarratu beharko genuke arerioa maitatzeko Ebanjelioko aginduan ageri den garrantzi iraultzailea; bidenabar esan dezagun, kristau-mezuaren adierazpen argienekotzat jotzen dutela exegetek.
Jesusek, arerioak maitatzeaz ari denean, ez du buruan arerioarekiko afektu eta txera-sentimendu bat, baina bai arerioaren onerako interes baikorra izango duen giza jarrera bat.
Jesusek uste du, pertsona bat gizatiarra dela, bere jarduera guztiaren oinarrian maitasuna duenean. Eta arerioekiko harremanek berek ez lukete salbuespen izan behar. Azkeneraino gizatiar denak begirunea izaten dio arerioaren duintasunari, hau ager dakigukeen erarik desitxuratuenean agertzen bazaigu ere. Ez du hartuko arerioaren aurrean madarikazio-jarrera baztertzailerik, baizik eta benedikazio-jarrera.
Eta, hain justu, maitasun hau du Jesusen Ebanjelioan arnasten duenak, gizon-emakume guztiak besarkatzen dituen hau eta guztien benetako ongia, salbuespenik gabe, bilatzen duen hau, gizartean sartzen ahal duen ekarpenik gizatiarrena.
Izaten dira egoerak, zeinetan ezinezkoa dela eman baitu arerioa maitatze hau. Zaurituegi dago pertsona kasu horietan barkatu ahal izateko. Denbora bat behar izaten dugu bakea berreskuratzeko. Gogora ekartzeko unea da: gu geu ere Jainkoaren pazientziari eta barkazioari esker bizi gara.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain