EZER ESPERO GABE
Zergatik bizi da hainbat jende isilpean kontentagaitz? Zergatik iruditzen zaio hainbat gizon-emakumeri bizitza aspergarri, hutsaren hurrengo, gatz gabeko? Zergatik aspertzen dira beren ongizatea eta guzti? Zer falta zaie berriro ere bizi-poza aurkitzeko?
Agian, askoren bizitza aldatuko litzateke eta beste kolore bat eta beste bizitasun bat lortuko luke, soil-soilik norbait doan maitatzen ikasiko balute. Nahi ala ez, gizakia probetxurik gabe maitatzera deitua dago; eta, egiten ez badu, bere bizitzan hutsune bat sentituko du, ezerk eta inork ezin beteko duena. Ez da zozokeria Jesusen hitz hauek entzutea: «Egizu on… trukean ezer espero gabe». Hori izan daiteke bizitzako sekretua. Bizi-poza itzultzen ahal diguna.
Gauza erraza da inor egiaz era doakoan maitatu gabe gelditzea. Ez diot inori kalterik egiten. Ez dut burruntzalia sartzen besteren arazoetan. Errespetatzen ditut besteen eskubideak. Badut aski neure buruaz eta neure gauzez arduratzearekin.
Baina hori, bizitzea al da? Jende guztiaz arduratu gabe biziz, neure lanera, neure lanbidera mugaturik, gainerakoen problemei langa ezarriz, jendearen sufrimenduak bost axola zaizkidala, neure «kristalezko kanpaian» ixten naiz?
Gizarte batean bizi gara, zeinetan nekosoa baita doan maitatzea. Ia beti galdetzen dugu: Zertako da on? Probetxugarri al da? Zer irabaziko dut horrekin? Dela kalkulu eta dena neurri izaten dugu. Buruan sartua dugu ezen «erosiz» lortzen dela den-dena: jatekoa, jantzia, etxea, garraioa, jolasa… Horrela, geure harreman guztiak «odolkiak ordainetan» bihurtzeko arriskua bizi dugu.
Alabaina, maitasuna, adiskidetasuna, onarpena, solidaritatea, hurbiltasuna, konfiantza, ahularen aldeko borroka, esperantza, barne-poza… ez dira lortzen diruz. Doako gauza dira: ordainetan ezer espero gabe eskaintzen dira; soilik, bestearen hazkundea eta bizia amesten dira.
Lehen kristauek, maitasunaz hitz egitean, «agape» hitza erabili ohi zuten; hain juxtu, doakotasunaren alderdi hau azpimarratzeko, «eros» huts bezala harturiko maitasunari kontrajarriz, askorentzat probetxu eta egoismo oihartzuna zuenari, alegia.
Gure artean badira soilik doako maitasuna hartzen ahal dutenak; izan ere, apenas izaten baitute ezer ere itzultzeko hurbildu zaienari. Bakarrik bizi diren pertsonak, bizitzak tratu txarra eman dienak, ia inork ulertzen ez dituenak, gizarteak pobretu dituenak, beren bizitzan kasik irtenbiderik gabeko.
Profeta handi izan zen Helder Camarak Jesusen gonbita gogorarazten digu hitz hauekin: «Zeure burutik liberatzeko, egizu zubi bat zure egoismoak sortu duen leizea baino urrunago. Saia zaitez zeure burua baino harago ikusten. Saia zaitez beste bati entzuten, eta, batez ere, ahalegindu zaitez besteak maitatzen zeure burua bakarrik maitatu ordez».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain