ARBOLA SANOAK
Jesusen oharpena erraza da ulertzeko. «Ez dago zuhaitz onik fruitu txarra ematen duenik, ezta zuhaitz txarrik ere fruitu ona ematen duenik. Bere fruituetatik antzematen zaio zuhaitzari; ez da arantzatik pikurik biltzen, ezta sasitik ere mahatsik hartzen».
Hainbat eta hainbat zuzengabekeriak eta abusuk joa den gizarte batean, non probetxuen eta elkarrekiko lehien «sasiak» hazten baitira, eta non hainbat eta hainbat gorrotoren, liskarren eta oldarkortasunen «arantzak» jaiotzen baitira, beharrezkoak dira pertsona osasuntsuak, beste fruitu-mota bat emango dutenak. Zer egin genezake gutako bakoitzak hain joa dagoen gizarte-bizikidetasuna gure artean apur bat saneatzeko?
Agian, lehenengo gauza, bizitza inori berez dena baino zailago ez egitea izan beharko genuke. Saiatzea, geure ingurunean gutxienez, bizitza gizatiarragoa eta eroangarriagoa bihurtzen. Ez pozoitzea ingurunea geure garraztasunaz. Sortzea geure ingurunean beste harreman batzuk: konfiantzaz, onberatasunaz eta bihozkoitasunaz garatuak.
Harrera egiten dakien jendearen beharra dugu geure artean. Norbaiti harrera egiten diogunean, hura bakartasunetik askatzen ari gara eta bizitzeko indar berria ematen berari. Bizi duen egoera zailena duelarik ere, ez dagoela bakarrik sumatzen badu eta norengana jo baldin badu, berriro iratzarriko zaio esperantza. Zein garrantzizkoa den babesa, harrera eta entzutea eskaintzea, bizitzak hain tratu txarra eman dien hainbat eta hainbat pertsonari.
Ulermena ere askoz gehiago garatu behar genuke. Jendeak jakin dezala, larrienak izanik ere beraren erroreak, beti aurkituko duela nigan halakoak ulertuko dituen norbait. Inor ez mespretxatzetik hasi beharko genuke, ezta barnez ere: inor ez gaitzesten, ezta juzkatzen ere inor presaka. Gure judizio eta gaitzespen gehienak gure kalitate gizatiar eskasaren seinale izan ohi dira.
Inporta duena da halaber sufritzen ari denari hatsa kutsatzea. Gure problema ez da problemak izatea, baizik eta adorerik ez izatea halakoei aurre egiteko. Gure ingurunean bada jenderik segurtasun-falta, bakardadea, porrota, gaixotasuna, ulermen-eza… jasaten duenik. Ez dute errezeta beharrik beren krisialdia konpontzeko. Norbait behar dute, beraien sufrimendua partekatuko duena, beren bizitzan sostengu izango duten barne indarra ezarriko duena.
Barkazioa izan daiteke beste esperantza-iturburu bat gure gizartean. Gorrotorik ez duen eta erresumina elikatzen ez duen jendeak, eta benetan barkatzen dakienak: esperantza ereiten du halakoak bere ingurunean. Halakoen ingurunean beti doa hazten bizia.
Kontua ez da gaitzaren eta zuzengabekeriaren aurrean ezikusiarena egitea. Tartsoko Pauloren mezua entzutea da arazoa: «Ez zaitzala gaitzak mendera; aitzitik, menderatu gaitza ongiaz». Gaitzaren aurka borroka egiteko, hain kaltetua den gurea bezalako gizarte batean, erarik sanoena ongia egitea da: «Ez itzuli inori gaitzik gaitz orde. Saia zaitezte gizon-emakume guztiei ongi egiten. Zeuen aldetik eta ahal den neurrian, izan bakean guztiekin» (Erromatarrei 12,17-18).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain