EGIA FALTA
Egiatasuna beti izan da kezka inportantea hezkuntzan. Haurtzarotik ezagutu izan dugu. Gurasoek eta hezitzaileek gure bihurrikeria guztiak «uler» zitzaketen, baina guztien gainetik egiati izateko eskatzen ziguten. Ikusarazi nahi ziguten «egia esatea» oso garrantzizkoa dela.
Arrazoi zuten. Egia da oinarrietako bat, zeinen gainean eraikitzen baitira kontzientzia morala eta bizikidetasuna. Egiarik gabe ezin bizi gintezke duintasunez. Egiarik gabe ezinezkoa da bizikidetasun zuzen bat. Saldukeria egin diotela sentitzen du gizakiak beraren eskakizun hondoeneko batean.
Gaur egun gogor gaitzesten dira zapalkuntza eta abusu guztiak; baina berauek mozorrotzeko erabiltzen den gezurra ez da beti indar beraz salatzen. Eta, halaz guztiz, zuzengabekeriek gezurraz baliatuz elikatzen dute beti beren burua. Soilik errealitatea faltsutuz burutu ahal izan zen gerla zuzengabe bat, duela urte batzuk, Iraken aurkakoa, adibidez.
Askotan gertatu ohi da. Botere-taldeek askotariko mekanismoak ipintzen dituzte abian herri-iritzia norabidetu eta gizartea jarrera jakin batera lerratzeko. Baina sarritan egia ezkutatuz eta datuak desitxuratuz egiten dute guztia; horrela jendea errealitatearen ikuspegi faltsutuz bizi ohi da.
Ondorioak larriak izaten dira. Egia ezkutatzen denean, arriskua izan ohi da «ongiaren» eta «gaizkiaren» ingurumena lausotuz joateko. Jadanik ezin bereizi izaten dira argi «zuzena» eta «zuzengabea». Gezurrak ez du uzten abusuak ikusten. «Itsuak» bezalako izaten gara, beste «itsu» batzuen gidari izan nahi dutenak bezalako.
Alabaina, probetxu bila egindako hainbat faltsutzeren aurrean, beti izaten da pertsonarik, ikusmena garbi duenik, errealitatea den bezala ikusten duenik. Errugabeen sufrimenduari adi erreparatzen diotenak dira. Halakoek egia bistaratzen dute hainbat gezurren artean. Argia ipintzen dute hainbateko iluntasunean.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain