ALAITASUNA ETA MAITASUNA
Joan ebanjelariaren arabera, Jesusek zeinuak egiten ziharduen, beragan ezkutuan zegoen misterioa ezagutarazteko eta bere baitan zekarren indar salbatzailea onartzera gonbidatzeko. Zein izan zen lehen zeinua?, zer da Jesusengan aurkitu behar dugun lehen gauza?
Ebanjelaria Galileako Kanan ospatutako ezteiez mintzo da; mendiko herrixka bat da Kanaan, Nazaretetik hamabost kilometrora. Alabaina, pasadizoak izaera argiro sinbolikoa du. Ez emazteak ez senarrak dute aurpegirik: ez dira mintzo, ez dira ari. Garrantzizko pertsona bakarra «gonbidatu» bat da, Jesus du izena.
Ezteiak Galilean, landa-jendearen artean, festarik esperoena izaten zen eta gogokoena. Hainbat egunetan lagun egiten zieten familiartekoek eta adiskideek ezkonberriei, elkarrekin janez eta edanez, ezteietako dantzak eginez eta maitasun-kantak abestuz. Bat-batean, Jesusen amak oharpen izugarri bat egin dio bere semeari: «ez zaie gelditzen ardorik». Nolatan jarraituko dute kantari eta dantzari?
Ardoa ezinbestekoa da ezteietan. Jende harentzat, gainera, maitasunaren eta alaitasunaren sinbolo esanguratsuena zen ardoa. Tradizioak zioen: «Ardoak bihotza alaitzen du». Hala abesten zion andregaiak bere maiteari maitasun-kanta eder batez: «Zure maitasuna hobea da ardoa baino». Zer izan daiteke eztei bat alaitasunik eta maitasunik gabe?, zer ospa daiteke bihotz tristeaz eta maitasun gabeaz?
Etxearen ezkaratzean «harrizko sei ontzi daude». Handiak dira. «Han jarriak dira», nahita. Garbiketarako «ura» gorde ohi da haietan. Landa-jende haren jaiera edo debozio erlijiosoa adierazten dute, Jainkoaren aurrean «garbi» bizi nahi baitute. Jesusek ura ardo bihurtu du. Beraren esku hartzeak maitasuna eta alaitasuna sartuko ditu erlijio hartan. Hori izan du bere lehen ekarpena.
Nolatan gabiltza Jesusi jarraitu nahian alaitasuna eta maitasuna zaindu gabe?, zer izan daiteke Elizan eta munduan alaitasuna eta maitasuna baino garrantzizkorik?, noiz arte gorde ahal izango dugu «harrizko ontzietan» fede triste eta aspergarri bat?, zertako dira gure ahalegin guztiak, geure erlijioan maitasuna sartzeko gai ez bagara? Ezer ez tristeagorik kristau-elkarte batez hau esatea baino: «Ez zaie ardorik gelditzen».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain