ERLIJIO BAT JAINKOA GABE
Lehen eta bigarren belaunaldiko kristauek, Jesus gogoratu, gizon erlijioso bezala ez, baizik eta profeta bezala gogoratzen zuten, erlijio guztien arriskuak eta tranpak salatzen zituen profeta bezala. Bere asmoa ez zuen obligazioak betetzen dituen pertsona jainkotiarra egitea, ororen gainetik, baizik eta Jainkoaren borondatea lehiatsu bilatzen duena.
Markosek, zaharrena eta zuzenekoena den ebanjelioan, liskarrean aurkeztu du usu Jesus judu-gizarteko sektorerik eraspentsuenekin, deboziotsuenekoekin. Beraren kritikarik errotikoenen artean bi nabarmendu dira: Jainkoa gabeko erlijioaren eskandalua eta Jainkoaren borondatetzat «giza tradizioak», beste probetsu batzuen zerbitzukoak, ematearen bekatua.
Isaias profeta aipatu du Jesusek: «Herri honek mihiz ohoratzen nau, baina bihotza nigandik urrun du. Eskaintzen didan kultua hutsik dago, irakasten duen doktrina giza aginduak baitira». Ondoren, hitz argiz salatu du tranpa zertan datzan: «Alde batera uzten duzue Jainkoaren agindua, gizakien tradizioari hertsiki atxikitzeko».
Hau da bekatu handia. Geure arauak eta tradizioak zerrendatu ditugunean, Jainkoak bakarrik bete beharko lukeen lekuan ezartzen ditugu. Are gehiago, Jainkoaren borondatearen gainetik ezartzen ditugu: horrela pentsatzen duenarentzat, ez da ahaztu behar araurik txikiena, maitasunaren aurka badoa ere eta gainerakoei kalte egingo badie ere.
Erlijio horretan, inporta duena ez da Jainkoa, baizik eta beste mota bateko probetxuak edo onurak. Jainkoa mihiz ohoratzen da, baina bihotza harengandik urrun delarik: derrigorrezko kredo bat jaulkitzen da, baina norberari komeni zaiona sinesten; errituak betetzen dira, eta Jainkoarekiko obedientziaren ordez gizakiarekikoa praktikatzen.
Pixkana ahaztu egiten gara Jainkoaz eta, hurrena, ahaztu egiten gara ahaztu dugunaz. Txiki-txiki bihurtzen dugu ebanjelioa, ondoren bihotz-berritu beharrik ez izateko. Jainkoaren borondatea probetxu dugunera norabidetzen dugu, eta ahaztu egiten gara beraren erabateko maitasun-eskakizunaz
Hau berau izan daiteke gaur egun gure bekatua. Estu atxikitzea, senaz bezala, erlijio higatu bati, geure bizitza eraldatzeko indarrik ez duen bati. Jainkoa mihiz bakarrik ohoratzen segitzea. Aurpegi ematea bihotz-berritzeari, eta Jesusen egitasmoaz ahazturik bizitzea: Jainkoaren bihotzaren araberako mundu berri bat eraikitzeaz ahaztuz bizitzea.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







