ENTZUTEZ
Bada jendea, Jainkoagan baino gehiago, hartaz hitz egiten dutenengan sinesten duena. «Entzutez» bakarrik ezagutzen du Jainkoa. Esperientzia pertsonala falta zaio. Joaten dira, agian, erlijio-ospakizunetara, baina ez diote irekitzen bihotza Jainkoari sekula. Ez dira gelditzen haren presentzia beren bihotzean sumatzera.
Sarritako fenomenoa da: geure baitan bira eta bira bizi gara, baina geure baitatik kanpo; lan egiten eta gozatzen dugu, maitatzen eta sufritzen dugu, bizi gara eta zahartzen, baina gure bizitza misteriorik gabe eta azken horizonterik gabe igarotzen da.
Geure burua fededun aitortzen dugunok berek ez dakigu askotan «Jainkoaren aurrean egoten». Zail gertatzen zaigu aitortzea izaki hauskor garela baina, halere, Jainkoak mugagabe maite gaituela. Ez gara gai miresteko haren handitasuna atzeman ezina, ezta dastatzeko ere haren hurbileko presentzia. Ez dakigu, ez dei egiten, ez goresten.
Bai pena mingarria ikustea nola eztabaidatzen den Jainkoaz telebista-programa batzuetan. Ezagutzen ez dutenaz izaten dute ezbaia. Gonbidatuak kiskaldu egiten dira aita santuaz hitz egiten, baina inori ez zaio otutzen hitz egitea fededunok «Jainkoa» deitzen dugu Misterio horretaz.
Jainkoa aurkitzeko, ez dute balio erlijioari buruzko eztabaidek, ezta beste batzuen argudioek ere. Nork bere ibilbidea behar du egin eta nork bere esperientzia bizi. Ez da aski erlijioa kritikatzea beraren alde desitxuratuenei dagokienez. Beharrezkoa da Jainkoaren aurpegiaren bila norbera ibiltzea. Berari bidea urratzea nork bere bizitzan.
Erlijioa urtetan bizi izan denean betebehar edo zama bezala, esperientzia pertsonal honek bakarrik desblokea dezake Jainkoaganako bidea: egiaztatu ahal izatea, hasierako era apal batean bakarrik bada ere, on dela sinestea, on egiten digula Jainkoak.
Jainkoarekin topo egite hau ez da beti gauza erraza, Bila ibiltzea da inporta duena. Ez ixtea ate bakar bat ere; ez gutxiestea dei bakar bat ere. Bila jarraitzea, geure indarren azken hondarraz agian. Askotan, Jainkoari eskaintzen ahal diogun gauza bakarra berarekin topo egiteko guraria da.
Jainkoa ez zaio ezkutatzen beraren bila dabilen inori, ezta berari buruz galdezka dabilen inori ere. Goiz edo berant hartzen dugu beraren «bisita» nahastezina. Dena da aldatzen orduan. Urruneko zela uste genuen, eta hurbil dago. Mehatxagarri zelakoan geunden, eta adiskiderik hoberena dugu. Joben hitz berak esaten ahal ditugu: «Orain arte entzutez hitz egiten nuen zutaz; orain nire begiek ikusi zaituzte».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






