EZ HARRIKA EGIN
Gizarte guztietan izaten dira jokabide-ereduak, era esplizituan edo inplizitua, pertsonen portaera moldatzen dutenak. Hein handian gure pentsaera, jarduera eta biziera taxutzen dituzten ereduak dira.
Har dezagun geure gizarte honen antolaketa juridikoa. Gizarte-bizikidetasuna egitura legal batek arautua du, gizakiari buruzko ikusmolde jakin baten araberako egitura legal batek, alegia. Horregatik, legea zuzena izan arren, beraren aplikazioa izan daiteke zuzengabea, baldin eta gizon eta emakume bakoitza bere egoera pertsonal bakar eta ezin errepikatuan jartzen ez bada.
Gure gizarte pluralistan berean ere beharrezkoa da bizikidetasuna posible egingo duen adostasun batera iristea. Horregatik joan da gure gizartea hiritar baten, eskubide batzuen eroale eta obligazio batzuen subjektu denaren, ideal juridikoa eratzen. Eta ideal juridiko hau da gizartean lege-indarrez ezarriz doana.
Baina lege-antolaketa hau, beharrezkoa izanik ere, dudarik gabe, bizikidetasun sozialik nahi bada, ezin iritsi da pertsona era egokian ulertzera, bakoitzaren bizitza zehatza bere konplexutasun guztian, bere hauskortasunean eta misterioan hartuz.
Legea pertsona bakoitza zuzentasunez neurtzen saiatuko da, baina nekez trata lezake egoera bakoitzean bere existentzia propioa era bakar eta berezian bizi eta jasaten duen izaki jakin bezala.
Zein gauza erraza den pertsonak irizpide seguru batzuen arabera juzkatzea. Zein gauza erraza eta zuzengabea legearen zamara jotzea hainbat eta hainbat jende marjinaturen aurka, gure gizarte honetan txertaturik eta «hiritar idealaren legearen» arabera bizitzeko gai ez direnen aurka: egiazko familiarik gabeko gazteak, gazte delitugileak, eskale analfabetoak, erremediorik gabeko drogadiktoak, lanik gabeko lapurrak, inolako maitasunik gabeko prostituituak, beren ezkontzako maitasunean porrot egin dutenak…
Gaitzespen erraz hauen aurrez aurre, legearen objektibotasun hutsa hartuz eta hotz-hotzean inor ez gaitzestera konbidatzen gaitu Jesusek, baizik eta denak nork bere jokaera propiotik ulertzen saiatzera. Inori harrika egin aurretik, nork geure bekatua juzkatzen ikasi behar dugu. Agian, konturatuko gara orduan ezen jende askok behar duena ez dela legearen gaitzespena, baizik eta norbaitek laguntzea eta norbaitek birgaitzeko ahalbidea eskaintzea. Emakume adulteriogileak behar zuena ez ziren harriak, baizik eta esku adiskidetsu bat, jaikitzen lagunduko ziona. Jesusek ondo ulertu zuen emakumea.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






