IGANDE BERRIA
Igandea ez da jadanik duela urte batzuk zen hura. Denbora gutxian hazi egin da eta «asteburu» bihurtu da; ostiral arratsaldean hasten da; jendearen gehiengoa beste era batean bizi daiteke, lana egiteari ihes eginez, ezarritako ordutegia eta eguneroko errutina alde batera utziz.
Ez dugu bizi guztiok era berean asteburua. Batzuentzat egiazko zoriona da: berek dute ekimena, berek ahalbideak eta adiskideak egun horietan gozatzeko. Beste batzuentzat jasangaitza da denbora hori; izan ere, bortitzago sentitzen dute beren bakardadea, beren gaixotasuna edo zahartzaroa; igandeak jende horrengan tristura bakarrik eragiten du, nostalgia bakarrik. Beste batzuek beldurra diote igandeari, ez dute jakiten zer egin egun horretan, aspertu egiten dira, futbolik ez balego jasanezina izango lukete.
Teologoek eta liturgia-adituek kezkati galdegiten dute nolakoa izango ote den bihar eguneko kristau-igandea. Meza isolatu bat, jendearen asteburuarekin inolako loturarik ez duen bat, ospatzera mugatuko al da? Aitzitik, «ez ote da posible izango –galdetzen du Xabier Basurkok- asteburuko giza baloreak igandeko mistikan dinamikoki integratzea?» Liturgian aditua den euskaldun horrek pista batzuk eman dizkigu.
Kristau-igandea asteburuaren arima izan liteke, fededunei Jainkoaren seme-alaba bezala duten askatasuna hobeto esperimentatzen lagunduko liekeena, inolako ezarpenik gabea eta helburu utilitariorik gabea. Eukaristiak laguntzen ahal lieke fededunei sosegua berreskuratzen eta barneko arnasa biziberritzen. Asteburuan izan gintezke, gehixeago, «gu geu».
Bestetik, berreskura genezake larunbata kreazioaren jai bezala; horrela, jarraitzen ahal genuke igandea salbazioaren ospakizun bezala bizitzen. Hori uste dute zenbait liturgia-adituk. Fedeak, orduan, asteburua Kreatzailearen jai bezala ospatzen lagunduko liguke, eta naturarekin topaketa egiten, ez lana dela bide, baizik eta gozamena eta kontenplazioa direla medio.
Azkenik, «batzar eukaristikoaren» ospakizunak zentzu hondokoago bat emango lioke asteburuaren alderdi horri; asteburua komunikazio barnekoi eta atsegin bihurtuko luke adiskide eta familiartekoekin bizitzeko, edota topaketa beste lagun eta beste herri batzuekin. Asteburua, beraz, anai-arrebekin egindako esperientziaren topaketa edo elkartasun izango litzateke. Haziko ote da kristau-igandea gaur egungo kulturaren asteburuaren «legamia eta gatz» izateraino? Nolanahi den, egin genezake galdera bat: gauza al gara kristauok igandeko eukaristiatik hatsa eta poza atera eta igande berria bizitzeko?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






