FEDEAZ EREIN
Urte gutxitan ari gara pasatzen sakonki erlijiosoa zen gizarte batetik, zeinetan kristautasunak zeregin erabakigarria burutzen baitzuen pertsonen bizitzan eta bizikidetasun sozialean, biziera laikoago eta fedegabeko batera, zeinetan erlijiotasuna garrantzia galtzen ari baita.
Ohituak ginelarik «kristaudi erlijioso batean bizitzen, zeinetan erlijiotasuna agiri-agirian baitzegoen presente kale, plaza, eskola eta etxeetan, fededun asko dira ondoezik sentitzen direnak eta sufritzen dutenak oraingo egoera berrian.
Are gehiago. Kasik konturatu gabe irits gintezke pentsatzera ezen ebanjelioak berak galdu egin duela lehenago zuen birtualtasuna, eta Jesusen mezuak ez duela jadanik, ez sugarrik, ez indarrik, gizaki modernoa konbentzitzeko.
Horregatik da beharrezkoa Jesusen parabola arretaz entzutea. Itxuraz esan nahirik gabea eta soil-soila izan arren, ebanjelioak bere baitan ahaltasun eta gaitasun indartsu bat duela jarraitzen du gizakia salbatzekoa gizatasuna kentzen dion orotatik. Nekez aurkituko dugu ezer edo norbait gure bizitzari zentzu gizatarragorik eta askatzaileagorik eman diezaiokeenik
Egia da, bere indar askatzailea erabiliko badu, ebanjelio hau leial aurkeztu beharko da, bere egiatasun, bere eskakizun eta bere esperantza guztiez. Desitxuratu eta koldarkeriarik gabe. Borondatezko alderdikeriarik gabe, manipulazio probetxu hutsekorik gabe.
Egia da, bestalde, ebanjelioak harrera egiatia eskatzen duela eta guztizko prestasuna. Eta asko dira Jesusen hitzaren efikazia ito eta baliogabetu dezaketen faktoreak; esaterako, aberastasuna, interes egoistak, koldarkeria.
Alabaina, ebanjelioak gaur egun ere ustekabeko bere energia gizatiartzailea gordez jarraitzen du. Hori ahaztea oker tamalgarria izango litzateke gizarte modernoarentzat. Nola nahi den, fededunok gogoan izan behar dugu ez garela bizi «uzta jasotzeko» aroan, baizik eta, ebanjelioak duen indar berriztagarrian fedea jarriz, ereiteko aroa dugula.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






