ZER EGITEN DUT NIK ELIZA JESUSI LEIALAGO IZATEKO?
Bi edo hiru lagun nire izenean elkartuko direnean, han egongo naiz ni beraien artean. Kristo Elizan presente egiteko erarik egokiena gu geu elkarturik bizitzea da, beraren Espirituak eraginik «beraren izenean» jardunez. Elizak gure maitasun-aitorpenen eta kritiken beharra baino gehiago, gure benetako konpromiso-beharra du. Ez dira gutxi geure buruari egiten ahal genizkiokeen galderak.
Zer egiten dut nik Elizaren baitan konbertsio kolektibo baten ingurumena sortzeko?, beti baitu eraberritu eta eraldatu beharra. Nolakoa izango litzateke Eliza baldin eta Kristorekiko atxikimendua guztiek nik bizi dudan bezala, gutxi gorabehera, biziko balute? Jesusekiko leialago ala gutxiago izango litzateke?
Zer ekarpen egiten diot nik Elizari espirituari, egiari eta benetakotasunari dagokionez?, ebanjelio errotikoaren premia hartarainokoa baitu, gure gizarte axolagabe eta fedegabe honetan Jesusen testigantza sinesgarria egin nahi baitu.
Zer ekarpen egiten dut nik, neure bizitzarekin, Eliza gaur egungo gizon-emakumeen hurbilagoko izan dadin; jakin dezan, irakasten, predikatzen eta erregutzen bakarrik ez, baita, batez ere, onartzen, entzuten eta lagun egiten galdurik bizi direnei, maitasuna eta adiskidetasuna zer diren jakin gabe bizi direnei?
Zer ekarpen egiten dut nik Eliza samariar bat eraikitzeko: bihotz handiko eta errukitsu bat, bere probetxu propioaz ahazteko gai den bat eraikitzeko, gizadiaren problema handietan murgildurik biziz?
Zer egiten dut nik Eliza libera dadin estu hartua duten beldurretik eta mendetasunetik, zurrundurik eta iraganari itsatsirik daukaten horietatik?, eta bidea libre utz dezan Jesusen ebanjelioari darizkion freskotasunak eta kreamenak edo sormenak estu hartu eta biziberritu dezaten.
Zer ekarpen egiten dut nik une hauetan, Elizak ikas dezan «gutxiengoan bizitzen», gizarte-handinahirik gabe, era apalean, «ezkutuko legamia» bezala, «gatz» eraldatzailea bezala, bizia eman ahal izateko hiltzeko prest den «hazi» txikia bezala?
Zer egiten dut nik Eliza alaiagoa eta esperantzatsuagoa izan dadin, libreago eta ulerkorrago, gardenago eta senidetsuago, sinestedunago eta sinesgarriago, Jainkoari emanago eta munduari gutxiago, Jesusi emanago eta geure probetxuari eta handinahiari gutxiago? Eliza aldatu egiten da gu geu aldatzen garenean, bihotz-berritu egiten da gu geu bihotz-berritzen garenean.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







