EMAKUMEAREN OIHUA
Lehen mendearen 80 urteetan, Mateok bere ebanjelioa idatzi zuenean, Elizak arazo larri hau begi aurrean zuen jadanik: zer egin behar dute Jesusen jarraitzaileek? Hesitu judu-herriaren esparruan ala ireki buru-belarri paganoengana ere?
Jesus Israel herriaren muga barnean bakarrik, kasik, jardun zen. Erromaren ordezkoak eta tenpluko agintariek laster asko garbitu zuten bera, eta ezin egin ahal izan zuen ezer gehiago. Halere, beraren bizitzan aztarrika eginez, ikasleek gauza oso argigarriak gogoratu zituzten. Lehenik, gai izan zen paganoen baitan fede handi bat aurkitzeko, bere jarraitzaileena baino handiagoa. Bigarren, Jesusek ez zuen mugatu bere errukia juduengana bakarrik. Gupidaren Jainkoa gizon-emakume guztiena da.
Pasadizoa hunkigarria da. Emakume bat bidera irten zaio Jesusi. Ez da herri hautatukoa. Paganoa da. Kanaandarren herri madarikatukoa da, israeldarren aurka borroka gogor eta asko egin duen herrikoa. Bera, emakume soil bat da, izenik gabea. Agian, ama ezkongabea da, alarguna edota bereek bertan behera utzia.
Mateok beraren fedea azpimarratu du, soilik. Beraren bizitza oihu batek laburbiltzen du, beraren zoritxar izugarria nabarmentzen du. Ikasleen ondoren dator «oihuka». Ez du etsitzen Jesusen isiltasunaren aurrean, ezta ikasleek agertu dioten haserrearen aurrean ere. Bere alabaren zoritxarra, «deabru oso gaizto batek hartua izatea», bere zoritxar bihurtu du: «Jauna, erruki zaitez nitaz».
Halako batean, emakumeak harrapatu du taldea, geldiarazi du Jesus, makurtu da beraren aurrean eta, belauniko, esan dio: «Jauna, lagundu nazazu». Ez du onartu Jesusen azalpenik, bere egitekoa Israelen duela esan dionean. Ez du onartu bazterketa etniko, politiko, erlijioso eta sexukorik, hainbat eta hainbat emakume bakardadea eta zokoratzea sufritzera behartzen duenik
Orduan da Jesus agertzen guztiz apal eta guztiz handi: «Emakumea, bai handia dela zure fedea, bete dadila opa duzuna». Arrazoia du emakumeak. Gainerako azalpen guztiak ez dira on ezertarako. Lehenengo gauza sufrimendua arintzea da. Beraren eskaria bat dator Jainkoak nahi duenarekin.
Zer ari gara egiten gaur egungo kristauok bakarrik, zokoraturik, tratu txarrak jasanez eta Elizak ahazturik bizi diren hainbat eta hainbat emakumeren garrasiekin? Alde batera uzten al ditugu, geure jokabide hori zuritzeko beste zeregin batzuen eskakizunak aipatuz? Jesusek ez zuen horrelakorik egin.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






