EZ AL DUGU SENTITZEN ESNATU BEHARRIK?
Lehen kristau-elkarteak tematurik bizi ziren Jesus laster etorriko zelakoaz. Berpiztua ezin berandutu zen. Hain sakon bizi zuten Jesusen erakarmena, non ahalik lasterren egin nahi baitzuten topo berarekin. Arazoak orduan hasi zen harrotzen, nabaritu zutenean denbora aurrera zihoala eta Jesusen etorrera atzeratzen ari zela.
Laster ohartu ziren ezen atzerapen honek arrisku hilkorra zekarrela berekin. Hasiera hartako berotasun hura itzaltzen ahal zen. Denbora joan ahala, elkarte txiki haiek pixkana axola-ezak eta ahanzturak jotzen ahal zituzten. Gauza batek kezkatzen zituen: Jesusek, etortzean, lo harrapatuko zituelakoak.
Adi bizitzea hitz giltzarri bihurtu zen. Behin eta berriz errepikatzen dute ebanjelioek: «egon adi», «bizi esna», «bizi zain-zain». Markosen arabera, Jesusen agindu hori ez da entzuten ari zaizkion ikasleentzat bakarrik. «Zuei diotsuedana, guztiei diotset: adi bizi! » Ez da edozein dei bat gehiago. Aldi guztietako beraren jarraitzaile direnentzat da.
Kristautasunak hogei mende egin ditu jadanik. Zertan gelditu edo zertara iritsi da Jesusen agindu hori? Nola bizi gara gaur eguneko kristauok? Esna jarraitzen al dugu? Bizirik segitzen al du gure fedeak?, ala itzaliz joan da, axola-ez eta erdi-merdi bihurturik?
Ez al dugu ikusten Eliza bihotz berri baten beharrean dagoela? Ez al dugu sentitzen apatiari eta buru engainuari astindu bat eman beharra? Ez al dugu jo behar Elizan den alderik hoberena esnatzera? Ez al dugu jo behar hainbat eta hainbat fededun xumeren fede apal eta garbi hori xaxatu eta biziberritzera?
Ez al dugu jo behar Jesusen aurpegi bizia berreskuratzera, erakartzen, deitzen, interpelatzen eta esnatzen duen aurpegia? Nolatan jarrai dezakegu Kristoz hainbat eta hainbat hitz egiten, idazten eta eztabaidatzen Kristok berak maitemintzen ez gaituelarik, zerbait bederen eraldatzen ez gaituelarik? Ez al gara jabetzen ezen «lo» dagoen Eliza, Jesu Kristok jadanik liluratzen ez duena, bihotza jadanik Jesu Kristok hunkitzen ez diona, gerorik ez duen Eliza dela, bizitasunik ez duelako itzaliz joango dela?
Ez al dugu sentitzen Eliza horrekin ditugun harremanak esnatu eta hauspotu beharrik? Zeinek, Jesu Kristok bezala, iratzarri dezake gure kristautasuna mugida-gabeziatik, gogogabetasunetik, iraganari loturik egotetik edo sormen-eskasiatik? Nork kutsa diezaguke bere alaitasuna? Nork kilika gaitzake bere sormen-indarraz, bere bizitasunaz?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






