JAINKOAGANAKO BIDERIK GABE
Asko dira ez sinestedun ez sinesgabe diren pertsonak. Besterik gabe, bizitza-modu batean kokatu dira, zeinetan ez baita agiri galderarik bizitzaren azken zentzuaz. Sinesgabetasunaz baino gehiago, kasu hauetan, pertsonak, jarrera sinestedun nahiz sinesgabe hartzeko, ezinbesteko diren baldintzen falta duela esan beharko genuke.
«Barne azpiegitura» falta zaien gizon-emakume dira. Beren bizierak galarazi egiten die beren buruarekin harremanetan, pixka bat sakon, jartzea. Ez dira hurbiltzen sekula beren izatearen hondora. Ez dira gauza beraien barnetik irteten diren galderak entzuteko.
Halaz guztiz, bizitzaren misterioaren aurrean erantzukizunezko jarrera bat hartzeko, ezinbestekoa da norberaren hondoraino iristea, egiati izatea eta bizitzari bihotza zintzo irekitzea azkeneraino.
Pertsona askoren krisialdi erlijiosoaren hondoan, ez ote dago ezkutuan aurreko beste krisialdi bat? Ematen duenez, gaur egun hainbat jende Jainkoagandik urruntzen ari bada, ez ote da izango lehenago bere buruagandik aldendu delako eta bizitze-maila batean kokatu delako non ezinezkoa baita jada Jainkoari entzutea?
Norbaitek, gauza hutsez eratua den ongizatearekin konformatzen bada, eta bihotza alde materialeko kezkek bakarrik hartua badu, egin ote dezake egiaz galderarik Jainkoaz?
Pertsona batek, bakarrik eta beti eta kosta ahala kosta berehalako asearen eta plazeraren bila dabilenean, ireki ote diezaioke bihotza bizitzearen azken misterioari?
Norbait, bere barnetasuna alde batera utzirik bizi denean, besteren aurrean bere buruaz itxura jakin bat harro-harro ematen eta agertzen saiatuz, jar ote daiteke pentsatzen bizitzaren azken zentzuaz?
Pertsona batek, beti azaleko hutsari emanik bizi denean, gizarte honek eskaintzen dituen milaka ihesbidetan eta dibertimendutan nahasirik, topo egin ote dezake bere buruarekin eta galderarik egin ote dezake bere azken zoriaz?
«Prestatu Jaunari bidea». Joan Bataiatzailearen oihu honek ez du galdu gaurkotasunik. Gu Jainkoaz oharturik ala oharkabe bizi, bera beti bizi da gurekin. Berriro topo egiten ahal dugu berarekin. Berriro iratzar daiteke fedea gure bihotzean. Behar dugun lehenengo gauza geure buruarekin topo egitea da, sakonkiago eta egiatiago.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain