MAITASUNA BIZITZARI
Egungo gizartean atzeman daitezkeen joera suntsitzaile (nekrofilia) desberdinen aurrez aurre, Erich Frommek dei zorrotza egin du ahal den guztia egitera bizitzaren maitasuna (biofilia) garatzeko, baldin eta zientzialari ospetsuak «gainbeheraren sindromea» deitzen duen horretan erori nahi ez badugu.
Dudarik gabe, oso adi egon behar dugu gizarte modernoan sortzen diren askotariko oldarkortasun-, indarkeria- eta suntsipen-mota guztien aurrean. Soziologo bat baino gehiago mintzo da benetako «indarkeriaren kulturaz». Baina badira beste era sotilago batzuk, eta, horregatik, eraginkorragoak pertsonaren haziera eta bizitza suntsitzeko.
Lanaren mekanizazioa, bizieraren masifikazioa, gizartearen burokratizazioa, harremanen gauzatzea: horra beste hainbat faktore, jende asko sentitzera daramatenak, ez izaki bizi, baizik eta gizarte-makineria baten puska direla.
Milioika gizabanako bizi da gaur egun Mendebaldean bizitza erosoa baina monotonoa eginez, zeinetan zentzu eta egitasmo faltak ito bailezake benetako haziera gizatiar bat.
Hartara, zenbait jendek galdu egiten ditu bizi den ororekiko harremanak. Halakoen bizitza gauzez betetzen da. Ematen du gauza berriak erosteak ematen diela dirdira-apur bat. Gizarteak eragindako egitarauaren ildoan mugitzen dira.
Beste batzuk era guztietako estimulu bila ibili ohi dira. Lan egin beharra, ekoiztu, artegatu edo dibertitu beharra izaten dute. Zirrara edo emozio berriak sentitu beharra izaten dute beti. Oraino bizi direla sentiarazten dien kitzikagarriren baten beharra.
Jesusen bizitza zerbaitek ezaugarritzen badu, bizitzarekiko duen maitasuna da, biofilia. Ebanjelio-kontaerek borrokan aurkezten digute Jesus bizitza blokeatzen, trenkatzen edo txikiagotzen duen ororen aurka, Beti adi pertsona hazaraz dezakeenari. Beti bizia, osasuna, zentzua ereinez.
Berak zirriborratzen digu bere eginkizuna, Isaiasengandik hartutako esapidez: «itsuek ikusi egiten dute eta herrenak badabiltza, legendunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzuten, hildakoak piztu egiten dira eta behartsuei berriona ematen zaie. Eta zoriontsua sinesteko oztoporik niregan aurkitzen ez duena» (Mt 11,5-6).
Zoriontsuak benetan jabetzen direnak ezen fededun izatea ez dela bizitzari gorroto izatea, baizik eta maitatzea, ez dela pertsona blokeatzea edo trenkatzea, baizik eta pertsonari laguntzea bere ahalbide hoberenei begira bizitzen. Jende askok galtzen du gaur egun Jesu Kristoganako bere fedea Jesusen beraren hitz hauen egia esperimentatu gabe: «Ni gizon-emakumeek bizia izan dezaten etorri naiz, eta ugari izan dezaten» (Joan 10,10).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain