JAINKOARI
IREKIRIK BIZI
Jende askorentzat esperientzia problematiko bihurtu da fedea. Ez dakite, juxtu, zer gertatu zaien azken urte hauetan. Baina gauza bat dago argi: jada ez dute sinetsiko haurtzaroan sinetsi zuten hartan. Hartaz guztiaz, sineskizun batzuk bakarrik gelditu dira, inguru-ertz aski lausokoak. Nork bere barne mundua eraiki du, askotan ezin saihestu dituzte duda-muda eta galdekizun larriak.
Pertsona hauetako gehienek bakarrik eta kasik sekretuan egiten dute beren «ibilbide erlijiosoa». Zeinekin hitz egin dezakete gauza hauetaz? Ez da, ez gidaririk, ez erreferentzia-gunerik. Bakoitzak ahal duen moduan jokatzen du gizakiaren alderik sakonenari dagozkion arazo hauetan. Askok ez daki gertatzen zaiona gauza normala den ala kezkatzekoa.
Atlantako James Fowler irakasleak fedearen garapenaz egin dituen azterketek laguntzen ahal diote jende ez gutxiri norberaren ibilbidea hobeto ulertzen. Aldi berean, argigarri dira pertsonak, bere «zentzu-unibertsoa egituratzeko, jarraitu beharko lituzkeen etapez. Bizitzako lehen unetan, haurrak gogoetarik gabe onartzen ditu proposatzen dizkioten sineskizunak eta balioak. Beren fedea ez dute, artean, erabaki pertsonala. Haurrak egiazko ala gezurrezko, on ala gaizto, kanpotik irakasten diotenaren arabera ezartzen du.
Aurrerago, sineskizuna, jarduerak eta irakaspenak modu gogoetatsuagoz onartuko ditu pertsona batek, baina beti taldeak, tradizioak edo agintari erlijiosoek zehazturik dituzten eran. Ez zaio otutzen ezer ere dudan jartzea. Dena da fede-gai, dena da seguru.
Beranduago iritsiko da krisia. Pertsona jabetuko da fedeak gauza askea eta pertsonala izan behar duela. Jada ez du uste, Elizak irakasten duena itsu-itsuan sinestera behartua dagoenik. Pixkana, gauza batzuk erlatibizatzen hasiko da eta beste batzuk aukeratzen. Bere mundu erlijiosoa aldatzen ari du eta urratu ere egiten du. Dena ez dator zinezkotasun handiago bat nahi izatetik. Tartean izango dira arintasuna eta inkoherentziak ere.
Horretan geldi daiteke dena. Baina jarrai dezake ere pertsonak bere barne munduan sakontzen. Jainkoari zinez irekitzen bazaio eta bere barnearen sakonenean hura bilatzen badu, sortzen ahal zaio fede berri bat. Jainkoaren maitasunak, apal-apal onartuak, zentzu sakonago bat ematen dio den-denari. Barne koherentzia harmoniatsuago bat ezagutuko du pertsonak. Duda-mudak ez dira, jada, oztopo. Pertsonak orain azken balio bat sumatzen du lehenago kritikatu zituen jarduera eta sinboloetan. Berriro iratzarri da Jainkoarekiko komunikazioa. Pertsona hori bat eginik sentitzen da munduan den on guztiarekin, eta bizia maitatzeko eta zaintzeko deia sumatzen du.
Funtsezko gauza, beti, geure baitan benetako lekutxo bat egitea da Jainkoaren esperientziari. Horra zergatik den garrantzizkoa profetaren dei honi kasu egitea: «Prestatu Jaunari bidea». Bide hau geure bihotzaren barruenean ireki behar diogu.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain