AUSASARTUKO AL GARA PARTEKATEN?
Komunikabideek gero eta lasterrago ematen digute munduan gertatzen denaren berri. Gero eta hobeto ezagutzen ditugu lurralde guztietan egunero egiten diren zuzengabekeriak, miseriak eta abusuak.
Albiste hauek erraz sortzen dute gure baitan hein bateko solidaritate-sentimendua hainbat eta hainbat gizon-emakumeekiko, mundu egoista eta zuzengabearen biktimekiko. Are gehiago, nolabaiteko erruduntasun-sentimendurik ere eragin dezakete. Aldi berean, ordea, gure ezintasun-sentsazioa hazi egiten da.
Gure jarduera-ahalbideak oso mugatuak dira. Guztiok ezagutzen ditugu geure indarrez erremediatzen ahal ditugunak baino miseria eta zuzengabekeria gehiago. Horregatik, zail izaten da saihestea geure kontzientzian galdera bat, hain gizatasunik gabea den gizadiaren aurrean: «Zer egin dezakegu?».
Joan Bataiatzaileak, bere soiltasunean, erantzun izugarri bat eskaini digu. Erantzun erabakitzailea, nor bere egiaren aurrez aurre ipintzen gaituena. «Bi tunika dituenak, bana ditzala ez duenarekin, eta janaririk duenak egin dezala gauza bera».
Ez da erraza hitz hauek entzutea nolabaiteko ondoez bat sentitu gabe. Adorea behar da berak onartzeko. Denbora behar da interpela gaitzaten uzteko. Sufriarazten duten hitzak dira. Hemen amaitzen da gure «borondate on» faltsua. Hemen jartzen da agirian gure solidaritatearen egiatasuna. Hemen nahasten da gure sentimentalismo erlijiosoa. Zer egin dezakegu? Soil-soilik, daukaguna partekatu premia dutenekin.
Gure eztabaida sozial eta politiko asko, gure protestarik eta garrasietarik asko, sarritan erantzukizunezko jarduera batetik libre uzten gaituztenak, murrizturik gertatzen dira bat-batean galde soil batera. Ausartuko al gara daukaguna partekatzen premian direnekin?
Era xaloan ia beti uste izaten dugu, gure gizartea zuzenagoa, gizatiarragoa izango dela gainerakoak aldatuko direnean, eta gizatiarrago izatea eragozten diguten egitura sozialak eta politikoak eraldatuko direnean.
Eta, halaz guztiz, Bataiatzailearen hitz soilek pentsatzera behartzen gaituzte ezen zuzengabekeriaren erroa hor dagoela geure baitan ere. Egiturek ondoegi islatzen dute guztiok arnasten gaituen espiritua. Zuzen adierazten dute gutako bakoitzarengan dauden handinahia, egoismoa eta edukitzeko egarria.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain