ZER BEHAR DUGU EGIN?
Komunikabideek eskaintzen diguten informazioa eta guzti, zail gertatzen zaigu jabetzea ezen «ugaritasunaren uharte» antzeko batean bizi garela, gizadiaren hirutik bat baino gehiago miserian bizi den mundu batean. Halaz guztiz, aski da ordu batzuk hegan egitea edozein norabidetan, gosearekin eta suntsiketarekin topo egiteko.
Egoera honek izen bakarra du: zuzengabekeria. Eta azalpen bakarra onartzen du: axolarik eza. Nolatan senti gintezke gizaki, gugandik kilometro gutxira –zer dira azken batean sei mila kilometro– badenean etxerik ez duen jenderik, badenean bizitzeko inolako lurrik ez duen jenderik?; badenean gizonezkorik eta emakumerik, eguna zer jango bila ematen duenik?; haurrik, jadanik desnutrizioa ezin gaindituko duenik?
Geure lehen erantzuna ia beti bat bera izan ohi dugu: «Baina guk, zer egin genezake halako miseriaren aurrean?» Mota honetako galderak egiten ditugun bitartean gutxi-asko lasai gelditu ohi gara. Eta betiko zuripenak etorri ohi dira burura: ez da erraza nazioarteko ordenu zuzenago bat ezartzea; lurralde bakoitzeko autonomia errespetatu behar da; zail da janaria banatzeko ildo eginkorrik segurtatzea; askoz zailagoa lurralde bat mobilizatzea miseriatik irten dadin.
Baina hau guztia goitik behera erortzen da, erantzun zuzeneko bat, argia eta praktikoa entzutean; Bataiatzaileagandik entzun dutena bezalakoa, galdera egin diotenek: zer egin behar dute «Jaunari bidea prestatzeko». Basamortuko profetak itzaleko sinpletasunez erantzun die: «Bi tunika dituenak eman diezaiola bat ezer ez duenari; eta jatekorik duenak egin dezala gauza bera».
Hemen amaitzen dira gure teoria eta zuripen guztiak. Zer egin genezake? Soil-soilik, ez metatu behar duguna baino gehiago, herririk den bitartean bizitzeko beharra duenik. Ez jarraitu geure ongizatea mugarik gabe garatzen, goseak hiltzen ari direnez ahazturik. Egiazko aurrerapena ez datza gutxiengo batek ongizate materiala, gero eta handiagoa, lortzean, baizik eta gizadi osoa duintasun handiagoz eta sufrimendu txikiagoz bizitzean.
Duela urte batzuk, Eguberritan, Butare-n (Ruanda) nengoen, kristologia-ikastaro bat ematen emakume misiolari espainol batzuei. Goiz batean erlijiosa nafar bat iritsi zen, esanez, bere etxetik irtetean haur bat aurkitu zuela goseak hiltzen. Egiaztatu ahal izan zuten ez zuela inolako gaixotasun larririk, soilik desnutrizioa. Hainbat ruandar umezurtzetako bat zen, egunero ahalegintzen direnetakoa bizirauteko. Oroitzen naiz gauza bat bakarrik etorri zitzaidala gogora. Ez zait ahaztuko sekula: Mendebaleko kristauok egiten ahal diogu harrera Betlehemgo haurrari kantari, Hirugarren Munduko haur hauei geure bihotza ixten diegularik?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







