JAINKOA GUREKIN DAGO
Eguberriak hain desitxuratuak daude non ematen baitu ezinezkoa dela gaur egun jai honek duen misterioa inori ulertzen laguntzea. Agian, ordea, bada bide bat, baina norberak egin beharrekoa da. Arazoa ez da argibide teologiko handiak ulertzea, baizik eta Jainkoaren aurrean barne esperientzia apal bat bizitzea.
Bizitzako esperientzia handiak erregalu edo opari izan ohi dira, baina, eskuharki, onartzeko prest daudenek bakarrik bizi ohi dituzte. Gizon egin den Jainkoaren Semearen esperientzia bizi ahal izateko prestatu egin behar izaten da barnetik. Mateo ebanjelariak esan digu ezen Jesus, Betlehemen jaio den haurra, bera bakarrik dela egiaz «Emmanuel» deitzen ahal duguna, hau da, «Jainkoa gurekin». Baina zer esan nahi honek? Nola jakin dezakezu zuk Jainkoa zeurekin duzula?
Izan ezazu adorea zeu bakarrik gelditzeko. Bila ezazu leku lasai eta soseguko bat. Entzuiozu zeure buruari. Hurbil zaitez isil-isilik zeure izatearen barnekoenera. Erraz gerta dakizuke orduan egundoko sentsazio bat esperimentatzea: zein bakarrik zauden bizitzan; zein urrun dauden zugandik inguruan dituzun pertsona horiek guztiak eta beraiekiko maitasun-lotura sentitzen duzularik. Asko maite zaituzte, baina zugandik at daude.
Jarrai ezazu isilik. Agian zirrara arraro bat sentituko duzu: bizi zara, baina errealitate handi eta ezezagun batean erroturik zaudelako da. Nondik datorkizu bizia? Zer dago zure izatearen hondoan? Beste pixka bat isilik «jasateko» gai bazara, beldurra sentitzen hasiko zara segur aski eta, aldi berean, bakea. Zeure izatearen azken misterioaren aurrean zaude. Fededunok Jainkoa deitzen diogu.
Utz ezazu zeure burua misterio horren eskuetan konfiantzaz. Jainkoa handi eta urruneko iruditzen zaizu. Baina berari bihotza irekin badiozu, hurbil sentituko duzu. Zugan dago Jainkoa, zure hauskortasuna sostengatuz eta zu biziaraziz. Jainkoa ez da kanpotik maite zaituzten pertsonak bezalakoa. Zure izatearen barnean dago Jainkoa.
Karl Rahnerren arabera, «bihotzeko esperientzia da Eguberrietako fede-mezua ulertzeko bide bakarra: Jainkoa gizon egin da». Aurrerantzean ez zara inoiz ere bakarrik egongo. Inor ez dago bakarrik. Orain badakizu «zerbait» Eguberri-misterioaz. Ospatu dezakezu, gozatu eta zoriondu dezakezu. Goza dezakezu zeureekin batean, eta izan zaitezke eskuzabalago sufritzen ari eta triste bizi direnekin, Jainkoa zurekin dago.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain