BESTE GAUZA BATENGAN SINESTEA
Denboraldi bat ari gara bizitzen zeinetan, gero eta gehiago, egia benetan sinesteko era bakarra, beste era batean sinesten ikastea izango baita jende askorentzat. Katoliko egin zen John Henry Newman handiak iragarri zuen jadanik egoera hau, ohartarazi zuenean ezen fede pasiboa, heredatua eta ez birpentsatua «axolagabetasun» bihurtu zela jende kultuagan, eta «superstizio» jende lauagan. On egingo digu fedearen funtsezko alderdi batzuk gogora ekartzeak.
Fedea beti esperientzia pertsonala da. Ez da aski Jainkoaz bestek predikatzen diguna sinestea. Bakoitzak sinetsi, azken batean, Jainkoaren aurrean bihotz-hondoan egiaz sinesten duen hura bakarrik sinesten du, eta ez bestek esana entzuten duena. Jainkoagan sinesteko, beharrezkoa da pasatzea fede pasibotik, infantiletik, heredatutakotik fede erantzukizunezkoago eta pertsonalago batera. Hau da lehen galdera, Jainkoagan sinesten al dut nik ala hartaz hitz egiten didatenengan?
Fedean ez da dena gauza bera. Bereizten jakin behar da funtsezkoa denaren eta bigarren mailakoa denaren artean; izan ere, hogei menderen ondoren, erantsitako bigarren mailakorik asko dago gure kristautasunean. Jainkoagan sinesten duenaren fedea hitzak baino harago dago, eztabaida teologiko eta eliz arauak baino harago. Kristaua definitzen duena ez da bertutetsu edo betetzaile izatea, baizik eta hurbileko Jainkoarekiko konfiantza bizitzea, honek baldintzarik gabe maite duela sentitzeko duelako. Hau izan daiteke bigarren galdera: Jainkoagan al dut nik konfiantza ala bigarren mailako beste gauza batzuek harrapaturik bizi naiz?
Fedean, inporta duena ez da Jainkoagan sinesten duzula esatea, baizik eta jakitea zein Jainkogan sinesten duzun. Ezer ez erabakitzaileagorik norberak Jainkoaz egiten duen ideia edo ustea baino. Baldin eta Jainko autoritario eta justiziazko batean sinesten badut, besteak nola dominatuko eta juzkatuko ibiliko naiz. Baldin eta maitasun eta barkazio den Jainkoagan sinesten badut, besteak nola maite izango eta besteei nola barkatuko ibiliko naiz. Hau izan daiteke galdera: zein Jainkogan sinesten dut nik: nire handinahiari eta probetxuari kasu egiten dien Jainkoagan ala Jesusek agertu digun Jainko biziagan?
Fedea, bestalde, ez da bataioan hartuko genukeen «kapital» antzeko zerbait, zeina esku-eskura izango baikenuke gelditzen zaigun geure bizitzan, Jarrera bizi bat da fedea, Jainkoari adi eusten diguna, haren hurbiltasunaren eta gizaki bakoitzarekiko haren maitasunaren misterioari egunez egun irekirik eusten diguna.
Andre Maria dugu fede bizi eta fidatuaren eredurik hobena. Jainkoari entzuten daki hark bere bihotzaren hondoenean eta Jainkoaren salbamen-asmoari irekirik bizi da. Elisabet bere lehengusinak hitz gogoangarri hauekin goratu du Maria: «Zorionekoa zu, sinetsi duzulako!» Zorionekoa zu zeu ere sinesten ikasten baduzu. Bizitzan gerta dakizukeen gauzarik bikainena da.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






