SALBATZAILEA JAIO ZAIGU
Pixkana-pixkana lortuz goaz. Lortu dugu jadanik jai bihotz-bihotzeko batzuk ospatzea, beraien izateko arrazoia oraino ezagutu gabe. Batak bestea zoriontzen dugu eta ez dakigu zergatik. Eguberriak iragartzen dizkigute jai horiek, baina ezkutuan gelditzen da arrazoia. Jende askok ez daki jadanik zertan datzan jai hauen bihotza. Zergatik ez entzun Eguberrietako «lehen pregoia»? Lukas ebanjelariak eratu zuen Kristo ondoko 80. urte inguruan.
Kontaeraren arabera, gau iluna da. Bat-batean, «argitasun batek» bere distiraz inguratu ditu artzain batzuk. Ebanjelariak dio «Jaunaren aintza» dela. Handiosa da irudia: gaua argiturik geratu da. Alabaina, artzainak «beldurrak jota» gelditu dira. Ez dira ilunaren beldur, baizik eta argiaren beldur. Horregatik, iragarpena hitz honekin hasi da: «Ez beldur izan».
Ez dugu harritu behar. Nahiago izaten dugu ilunpean bizi. Beldurra ematen digu Jainkoaren argiak. Ez dugu egian bizi nahi. Egun hauetan bere bizitzan argi eta egia gehiago jarriko ez duenak ezin ospatuko ditu Eguberriak.
Mezulariak jarraitu du: «Berri On bat dakarkizuet, poz handia herri guztiarentzat». Eguberrietako poza ez da beste bat gehiago. Ez dugu nahasi behar edozein ongizate, asetasun edota gozamenekin. Poz «handi» bat da, ezin nahasizkoa, Jesusen «Berri Onetik» datorrena. Horregatik «herri guztiarentzat» da, eta, batez ere, sufritzen ari eta triste bizi direnengana iritsi behar du.
Baldin eta Jesus jadanik «berri on» bat ez bada, beraren Ebanjelioak jadanik ezer esaten ez badigu, Jainkoagandik bakarrik iristen ahal zaigun poza ezagutzen ez badugu, baldin eta jai hauek bakoitzak bere ongizatea edota gozamen erlijioso egoista ospatzera mugatzen baditugu, Eguberriak ez beste edozer gauza ospatuko dugu.
Hau da Eguberriak ospatzeko arrazoi bekarra: «Salbatzailea jaio zaizue gaur». Haur hori ez zaie jaio Mariari eta Joseri. Ez dute berena. Guztiena da. Munduaren «Salbatzailea da». Bakarra, zeinengan jartzen ahal baitugu geure azken esperantza. Ezagutzen dugun mundu hau ez da behin betiko egia. Jesu Kristo da esperantza, ezen gaur egun den-dena inguratzen duen zuzengabekeria ez dela nagusi izango betiko.
Esperantza hau gabe ez dago Eguberririk. Iratzarriko ditugu geure sentimendurik hoberenak, gozatuko dugu geure etxeaz eta adiskidetasunaz, erregalu egingo geure buruari zoriontasun-unerik. Ona da hori guztia. Oso ona. Artean ez da, ordea, Eguberri.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain