JAINKO HARAGI EGINA
Eguberriek ohituraz Jainkoaz ditugun ideia eta irudi batzuk berrikustera behartzen gaituzte, Jainkoaren egiazko aurpegira hurbiltzea eragozten digutenak, alegia. Jainkoak ez digu uzten bera gure pentsamendu-eskema eta moldetan hesitzen. Ez die segitzen guk markatzen dizkiogun bideei. Jainkoa sumaezina da.
Indartsu eta boteretsu imajinatzen dugu, maiestatetsu eta ahalguztidun, baina bera haur ahul baten hauskortasunean agertu zaigu, soiltasunik eta pobretasunik erabatekoenean jaioz. Kasik beti ezohiko, mirarizko eta harrigarri imajinatzen dugu, baina bera egunerokotasunean agertzen zaigu, bizitza arruntean eta ohikoan. Handi eta urruneko imajinatzen dugu, baina bera txiki eta hurbileko egin zaigu.
Ez. Betleemen haragi egindako Jainko hau ez da guk espero genezakeena. Ez dago guk imajina genezakeenaren parean. Jainko honek desengaina gintzake. Halaz guztiz, ez al da, hain justu, geure ondoan behar dugun Jainko hurbileko hori? Ez al da gizakiarekiko hurbiltasun hau Jainkoaren egiazko misterioa hobekienik agertzen duena? Ez al da agertzen haur honen ahultasunean beraren benetako handitasuna?
Eguberriek gogoratzen digute ezen Jainkoaren presentziak ez diela erantzuten beti gure itxaropenei, gutxiena espero genuen tokian agertzen baitzaigu. Dudarik gabe, otoitzean eta isiltasunean behar dugu bilatu, egoismoa gainditzean, beraren borondatearekiko leialtasun eta esanekotasunean, baina Jainkoa nahi duenean eta nahi duen bezala eskaintzen ahal zaigu, baita bizitzaren alderik arruntenean eta ohikoenean ere.
Orain badakigu, gure harreraren premia duen edozein pertsona babesgabe eta ahulagan topa genezakeela Jainkoa. Egoten ahal da haur baten malkoetan edo agure baten bakardadean. Edozein senideren aurpegian aurki genezake gizon egin nahi izan duen Jainko horren presentzia.
Hau da Eguberritako fede iraultzailea, kristautasunaren eskandalurik handiena, Paulok hotz eta motz adierazia: «Kristo Jesusek, jainkozko izaerako izanik, ez zion gogor eutsi nahi izan jainkozko bere mailari; bestela baizik, hustu egin zen bere handi izateaz eta esklabo-izaera hartu zuen, gizakien antzeko eginez, gizaki huts bezala agertuz» (Flp 2,6-7).
Kristauen Jainkoa ez da haragirik gabeko Jainkoa, urrunekoa eta atzeman ezina. Haragi egindako Jainkoa da, hurbilekoa, ondo-ondokoa. Nolabait ere uki dezakegun Jainkoa da, gizatasuna ukitzen dugun orotan.
Jose Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






