URTE BERRIKO GALDERAK
«Urte berri bat» hasi dugu gaur. Zer izango ote da?, zer espero dut nik urte berri honetan?, zer opa dut egiaz?, zeren premia dut?, zertan emango dut neure astirik preziatuena eta garrantzizkoena?, zer izango litzateke niretzat gauza benetan berri eta on bat, gaur hasi dugu urte honetan?
Nolanahi bizi behar ote dut, jarduera batetik bestera pasatuz, jakin gabe ez zer nahi dudan juxtu, ez zertako bizi naizen?, ala jakingo ote dut bereizten zer den funtsezkoa eta zer bigarren mailakoa? Ohikeriaz eta modu aspergarrian bizi behar ote dut?, ala ikasiko ote dut espiritu sortzaileagoz bizitzen?
Aurten, Jainkoagandik apur bat gehiago urruntzen jarraitu behar ote dut?, ala ikasiko ote dut konfiantza eta egiazaletasun handiagoz hura bilatzen? Beste urte bat gehiago mutu jarraitu behar ote dut haren aurrean, ireki gabe ez ezpainak, ez bihotza?, ala jaulkiko ote da, noizbait ere, nire arima gaixo honetatik dei xume eta apal, baina egiati bat?
Aurten ere, soilik, neure ongizateaz arduraturik bizi behar ote dut?, ala jakingo ote dut, noizbait ere, gainerakoak zorioneko egiten?, zein jenderengana hurbilduko naiz?, poza ereingo al dut haiengan ala etsipena eta tristura kutsatuko diet? Nabilkeen lekuan, izango ote da bizitza maitagarriagoa eta ez hain latza?
Beste urte bat gehiago izango ote da, gauzak eta mila gauza egitera emana, egoismoa, tirandura eta urduritasuna pilatuz?, ala hartuko ote dut astirik isiltasunerako, atsedenerako, otoitzerako eta Jainkoarekin topo egiteko?, soilik neure arazoetan hesitu behar ote dut, ala mundua gizatasun handiagoko eta bizigarriago bihurtzen ahaleginduko naiz?
Axolagabe hartzen jarraitu behar ote dut gosearen mundutik egunez egun datozkidakeen albisteak?, Siriakoa jendearen gorpu puskatuak edo txaneletan itoak bihotza sorgor kontenplatzen?, hotz-hotz jarraitu behar ote dut begiratzen gure artera lan eta ogi bila datozenei? Noiz ikasi behar dut bihotz arduratsuz eta solidarioz begiratzen sufritzen ari direnei?
Urte honen «berritasuna» ez zaigu etorriko kanpotik. Soilik, geure barnetik erne daiteke berritasuna. Urte hau berria izango da, baldin eta era berri batean eta konfiantza handiagoz sinesten ikasten badut, baldin eta keinu berriak eta maitagarriagoak aurkitzen baditut neureekin bizitzeko, baldin eta esnatzen badut neure bihotzean erruki berri bat sufritzen ari direnentzat.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain