ARAUAK FAMILIAN FEDEAN HEZITZEKO
Ez arduragabetu nor bere erantzukizunaz
Gauza asko egiten ahal da. Lehenik eta behin, arduratu seme-alabek ikastetxean heziketa erlijiosoa har dezaten eta parrokiako katekesira joan daitezen. Ondoren, hurbiletik segimena egin etxetik kanpo jasotzen ari diren heziketa horri, ezagutu zein den heziketa hori eta parte hartu etxetik semeari edo alabari sostengua eta estimulua eskainiz. Etxean, konplexurik gabe jardun, norberaren fedea ezkutatu edo disimulatu gabe. Garrantzizkoa da hau seme-alabentzat.
Gure jokaerak Jainkoaren irudi bat eskualdatzen du
Gurasoek beren jokaeraz, konturatu gabe, Jainkoaren irudi bat eskualdatzen diete seme-alabei. Guraso autoritario eta kontrolatzaile batzuen esperientziak Jainko legegile, epaile zorrotz eta zigortzaile baten irudia eskualdatzen die. Guraso axolagabe eta laxo edo permisibo direnek, seme-alabak bost axola zaizkienek, gutaz arduragabe izango litzatekeen Jainko baten, izan ere izango ez litzatekeen Jainko baten, sentsazioa eskualdatzen dute. Aitzitik, seme-alabek gurasoekin konfiantzazko harremanak, komunikazioa eta ulermena bizi badituzte, barneratuz doakie bihotzean Aita den Jainkoaren irudia, era baikorrean eta aberasgarrian.
Fedean heztean, gauza erabakitzailea da etsenplua
Topa ditzatela seme-alabek, nork bere etxean, «identifikazio edo ezagutze-ereduak», ez dakiela zail gerta jakitea nor bezala bizi beharko luketen beren fedea era osasuntsu, gozagarri eta erantzukizunezkoan bizitzeko. Fedearekin koherente den bizieratik bakarrik hitz egin dakieke seme-alabei aginpidez. Kristau-biziera honen testigantza bereziki garrantzizkoa da seme-alabak, jadanik gaztetxo edo gazte, topatuz doazen unean, beren munduan beste identifikazio edo ezagutze-eredu batzuk, bizitza ulertzeko eta bizitzeko beste giltza batzuk.
Gurasoen jarduera guztiek ez dute bermatzen fede-heziketa osasungarri bat
Ez da aski, esaterako, ohiturak edozein modutan sortzea, keinuak mekanikoki errepikatzea, jokaera batzuk harraraztea, imitazioa ezartzea… On bezala esperimentatu duguna bakarrik barneratzen da. Jainkoagan sinestea ikasi, geure erara Jainko on baten esperientzia izan dugunean ikasten da. Fedea ikasi, era pozgarrian biziz ikasten da. Horregatik, gurasoek fede osasungarri batean hezi, beren seme-alabekin era pozgarrian partekatzen dutenean hezten dute.
Jose Antonio Pagola, Dejar entrar en casa a Jesús, PPC, Madrid 2018, 79-80
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






