JESUSI GEURE ETXEAN SARTZEN UTZI
Lehenik eta behin, egitasmo sano, duin eta zorioneko bat bilatu, zaindu eta garatu behar dugu familiarentzat, sutondo bakoitzean bizitza zehatzean gauzatu daitekeena. Jesusek berak, geure familian fedez eta konbentzimenduz onarturik, laguntzen ahal digu geure biziera zuzentzen eta hobetzen; azaldu diezaguke ere bide berri bat, duinago bat, beraren Ebanjelioaren jarraitzaileentzat.
Jesusi geure etxean sartzen uzteak familia sakonago errotzea esan nahi du: Jesusengan, beraren mezuan eta Jainkoaren erreinuaz agertu duen egitasmoan egia, grina eta ilusio handiagoak ipiniz. Gauza asko egin beharko dugu ondorengo urteetan geure familia biziberritzeko, baina ezer ez hobeagorik sukalde erdian Jesus ezartzea baino, beraren promesean konfiantza ipiniz: «Bi edo hiru lagun nire izenean elkartzen direnean, han nagoke ni» (Mateo 18,20). Ez zaudete bakarrik. Zuen sukalde erdian, han dago Jesus. Berak elkartzen zaituzte, berak arnasten eta sostengatzen. Dena da posible Jesusekin.
Jesusi etxean harrera egitea bizitza osoko zeregina da. Lehenengo gauza, etxean bihotz berriaz eta espiritu eraberritzaileaz bizitzen ikastea da. Honek esan nahi du Jesusekin harreman berri batez bizitzen ikasi behar dela, atxikimendu biziagoz. Familia Jesus doi-doi ezagutzen dutenek eratua bada, familia Jesus soilik noiz edo noiz eta era abstraktuan aitortzen dutenek eratua bada, familia ebanjelioa inoiz irakurtzen ez dutenek eratua bada, familia Jesus mutu batekin eta ezer berezirik entzuten ez diotenekin erlazionatzen direnek eratua bada, gaurko gizonari eta emakumeari axola dion ezer entzuten ez dutenek eratua bada, erlazio guztia Jesus itzali batekin badute, ez erakartzen eta ez liluratzen ez duen Jesus bakarrik ezagutzen badute, ezagutzen duten Jesus bihotza ukitzen ez duena bada… bere indar eraberritzailea nekez senti lezakeen familia izango da.
Jesus ezagutzen ez badugu eta beraren mezua ere ezagutzen ez, ezin norabidetuko dugu geure familia-bizitza Jesusen Ebanjeliotik. Ez badakigu munduari, bizitzari, pertsonei, seme-alabei, problemei… begiratzen Jesusek begiratzen zien begiekin, errebelazioaren argi pribilejioa eskura dugula esango dugu, baina familia itsu bat izango gara, bizitzari Jesusek egiten zuen bezala begiratzen ez dakiena. Eta jendearen sufrimena entzuten ez badakigu, Jesusek bere bidean sufritzen ikusten zuen jendeari entzuten zion arretaz, sentibera eta gupidaz, familia sorgorra izango gara. Eta Jesusen bizierarekin sintonizatzen ez badugu: mundua zuzenagoa egiteko bizi zuen grinarekin, haurrekiko beraren samurtasunarekin, mespretxatuekiko beraren barkazioarekin sintonizatzen ez badakigu…, ez dugu jakingo Jesusek eskualdatzen zuen gauzarik hobena eskualdatzen: gauzarik baliotsuena eta erakargarriena: beraren Berri Ona.
Geure familian esperientzia hau bizitzea da kontua: datozen urtetan bide egitea familiako bizikidetasun-maila berri baterantz, Jesusek inspiratutako eta eragindako maila berri baterantz, eta Jainkoaren erreinuari bideak irekitzeko hobeto norabidetuak diren dinamika eta biziera bilatzea, hau da, Aitak guztientzat, azkenak direnetatik hasita, nahi duen mundu berri gizatiarrago eta zoriontsuago baten bila jotzea. Hogei kristautasun-menderen ondoren, kristau-familiek «bihotz berri» bat behar dute, Jesusengan errebelatua den Jainkoaren Berri Ona bizi eta komunikatzeko, gaurko gizarte honetan. Gauza erabakitzailea ez etsitzea da gaurko familian Jesus gabe
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







