GURE ERROREAK
Besterendurik, alienaturik, bizi nahi ez duen pertsonak argi eta adi bizi beharko du bere bizitzan egiten ahal dituen balizko erroreei buruz.
Jesusen ekarpen baliosetatik bat, egunez egun, gizatiarrago izateko ahalbidea eskaini ahal izatea izan da bera ezagutzen eta jarraitzen dionari.
Lehenengo errorea, geure bizitzako helmuga absolututzat behar materialak asetzea hartzea da; pentsatzea, gizakiaren azken zoriona ondasunak eduki eta haietaz gozatzean datzala.
Jesusen arabera, behar materialen asetze hori, oso inportantea izanik ere, ez da nahikoa. Aitaren Hitza entzuten ikasten duen heinean doa gizakia gizatiar bihurtzen, anai-arreba bezala bizitzera deitzen baitio. Orduan aurkitzen du pertsona horrek gizatar izatea partekatzea dela, eta ez jabe izatea, eta ez metatzea; bizia sortzea dela, eta ez anai-arrebak ustiatzea.
Bigarren errorea, boterea, arrakasta edo garaipen pertsonala bilatzea da, ororen gainetik eta kosta ahala kosta. Baita norberaren misioari desleial izanez eta idolatria barregarrien esklabo bihurtuz ere.
Jesusen arabera, pertsonak asmatzen du, ez bere ospea eta boterea gainerakoekin lehian saiatuz eta arerio bilakatuz, baizik eta gai denean anai-arrebekiko zerbitzuan eskuzabal eta probetxu gabe bizitzeko.
Hirugarren errorea, bizitzaren azken problema askatzen saiatzea da arriskurik, borrokarik eta ahaleginik gabe, Jainkoaz bere probetxurako baliatuz, era magiko eta egoistan.
Jesusen arabera, erlijioa horrela hartzea bera suntsitzea da. Benetako fedeak ez du eramaten inor problemen aurrean pasibo egotera, ihes egitera eta lanari huts egitera. Alderantziz, Jainkoari, guztion Aitari, leial izatea zer den pixka bat ulertu duena, egunetik egunera gehiago arriskatzen da mundu duinago eta guztiontzat zuzenago den bat lortzeko.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain